Hitzen jabe izatea da, munduaren nagusi ez bada, norberaren mundutxoaren jabe izateko lehenbiziko lana. Lapur bihurtuta hitzen jabe egin, hauei bestelako erabilera bat eman nahi zaielako, usadioak ezarri dien erdoka ez dugulako gustuko, edo besterik gabe, norberaren aldera makurtuta bakea ematen digutelako, eta kontzientzia arrunt lasaitzen.
Adibideak, argitu orduko dakarzkigu egunak. Pintxo-pote solidarioa Egeoa alderik alde zeharkatu nahi duten gerra iheslariei laguntzeko, horretarako beharrezkoa den lantxa ez baita dirurik gabe erosten. Babesle, besteak beste, Gipuzkoako diputazioa eta Keller garagardo enpresa. Alegia, astebururo egiten duguna egin baina kausa eder baten alde, eta dekorazio egokiarekin, kontzientzia gaitezen. Nekez mauka ederragorik elkartasuna jan-edanean praktikatzea baino.
Eta hain zuzen bizi garen garaiotan errukia edo karitatea ez direlako batere cool-ak, edo elkartasunak sakrifizioa handiegia eskatzen duelako gabiltza tonto usaina zabaltzen ustez on beharrez. Orain hamabi urte tsunamia izan zenean Indonesian, elkarrizketa egin zioten Euskal Telebistako aurkezle ezagun bati, eta unearen beroak zeratuta, bera hara zihoala esan zuen, laguntzera. Hara zoaz laguntzera?, galdetu zioten, harridura izpi batez. Bai, erantzun zuen, aurten beste inora joan beharrean hara joango gara surfa egitera, gure laguntza behar dute-eta hango hotel eta jantokiek tsunamiak utzitako hondamenditik ateratzeko.
Beti esan ahal izango zaigu zein bihozkabe garen, ahalegina eginda nola litekeen horrelako ekimenei punta atera. Kelerrek libra gaitzala, ez noa ni horrelako babesleak izanik 1.500 euro lortu dituen kermeza bat kritikatzera, nola ba, baina pintxoak eta poteak adina behar ditut nik hitzak bizitzeko, eta barkatuko didazue takarkeria, baina ni ez nago prest elkartasuna horri deitzeko.
Neure munduak agintzen dit.
LARREPETIT
Elkartasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu