Julio Soto.
LARREPETIT

Navajas

2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Juan Carlos Monederok. Joan den azaroan emandako hitzalditxo baten pasarte bat orain egun batzuk atera da argitara. Aterarazi dute. Hitz egin ezin daitekeenari buruz hitz egin zuen. «Zergatik hasi zen ETA dealer-ak [droga-saltzaileak] erailtzen? Polizia heroina banatzen hasi zelako euskal gazteria gatazkatsu eta borrokalariagoa zegoen tokietan; desaktiba zitezen politikoki eta sozialki».

Esan zuena egia dela dakitenek erokeriatzat jo zituzten hitzok, erotzat bera. Asaldatu ziren Espainiako telebista, irrati eta egunkari kontserbadore eta ez hain kontserbadoreak. Otsoak mahai bueltan zituela galdegin zitzaion Pablo Iglesiasi hitzongatik. «Historia garaikidea da nire taldekideak esandakoa. Navajas txostenean oinarritutako egia bat». Eta horixe dio sekula ikertu ez den txostenak; Intxaurrondoko kuartelean, intxaurrondoak astintzen ez ezik, laurogeigarren hamarkadan Gipuzkoako Guardia Zibileko buruek, asmo politikoekin, droga banatzen zutela Euskal Herrian zehar. Tartean Rodriguez Galindo, Lasa eta Zabala erail zituen berbera.

Heroina bere bidea egiten hasi zen orduko heldu zitzaion arazoari. Tentsio handia sortu zen gure herria kakatan ito nahi zuten droga-saltzaileen inguruan. Errezeloa kontsumitzen zutenen artean. Garai hartakoa da EL Huerto diskotekako leherketa. Beranduagokoak, beste batzuen artean Txitxarro eta Universal.

Baina badira urte batzuk tentsioa bareegi dagoela, gaiaz hitz egiteak beldur ematen digula. Eta hitz egin beharra dago. Egin ditu lagun berriak heroinak: hautsak, pilulak... Egiten dute dantza alkoholarekin. Dagoeneko errezelo gabe begiratzen ditugu dealer-ak; kasu askotan gureetakoak direlako, gu garelako. Dagoeneko errezelo gabe begiratzen diogu elkarri, komun zuloan egiten genuena barran, mahai gainean egiten dugunean.

Pozik egongo dira Intxaurrondon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.