Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Lupa

2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Lupa eta eguzki printza bat. Horra zer behar dugun mindurarainoko beroa sentitzeko azalean; orri bat, etxea, mundua bera garretan jartzeko. Leonard Cohen hil da. Eta aspaldiko partez musika jarri dugu lanera aurretik. Lupa pausatu dugu kafearen gainean, kanpoan beruna genuela zain. Bisetan, The Partisan. Daratulua da Cohenen ahotsa eta bihotz-urratzailea John Bilezikjian-en ouda. Munduaren muinerainoko melodia hipnotikoa da kantu zahar horrena. Hori du arteak, durduzatzeko antzea. Izan daitezkeen tolesak une batez ahantzirik, unibertsoaren zainak puntu bakar batean biltzeko abilidadea da lupak erakusten diguna.

Gasteizen bezperan erabili nahi izan zen lupa bera, seguru asko, Memoriaren egunean. Gauza gutxi hunkigarriagorik gatazketako itzalak inbokatzea baino, isiltasunaren bakarbidean, eta konbinazio harrigarrietan nahasian, batbederak bere biktimak lepoan hartuta. Urkulluren diskurtsoan, mugak gainditu nahi dituen aldarri instituzionala: «gaur ezin diogu utzi Mediterraneora begiratzeari, gerren, errefuxiatuen eta emigrazioen egunerokoari. Gizateriaren erraietatik, giza kondiziotik, oihu etsia datorkigu Mediterraneotik».

Ederrak hitzak, euskaldunak mundutar egiten gaituztenak. Arazotxo bat dutenak, ordea. Mediterraneoko hildakoak, gerretatik eta gosetik ihesi Europara sartu nahian dabiltzan kontzientzien laban horiek ez dira euri, ez dira fenomeno atmosferikoa. Hamarretik hamaika mendebaldeko gobernuen erabaki politikoen ondorio dira. Urrun gabe, lehengo astean, Aznarren gobernuak Irakeko gerran izan zuen parte hartze militarra eta komertziala ikertzeko eskaera ez zen aurrera atera lehendakari sentiberaren alderdikide den Aitor Esteban ez zelako batzordean agertu. Aste horretan ez zeukan plenorik.

Hori du politikak, artearen helburuak imitatu nahian eguzki galdatan jartzen denean, hagitzez zikinagoa duela lupa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.