Eskoziako independentziaren erreferendumaren aldeangogor erasan dio Greziakoak. Eta ez daki esaten egunetik egunera inguruan handitzen sumatu duen olatua izan den aurrena ala bere baitarik atera dena, halako olde primario bat, bidean lagunak aurkitu dituena. Kontua da laster baino lehen oxi! esaka harrapatu duela bere burua lagun artean, oxi!, oxi!, atera zuen atzapar zikinok Greziatik.
Gutxi-asko zer gertatu den, badaki. Ekonomiaz dezente ikasi du azken asteetan. Jende jantziaren eztabaidak jarraitu ditu, artikuluak irakurri. Obamaren adierazpenek eta Errusiaren balizko jarrerak xake taula tankera eman diote guztiari. Dagoeneko opera bufoa zaion honetan nor den nor ezagutzen du. Schauble eto doilorra, nolako gorrotoa hartu dion gizonari. Christine Lagarde, igeri egiten omen du, itoko ahal da halako batean. Giannis Varufakisen bloga jarraitzen du ingelesez, giza kondiziotik idatzitako ideiak aurkitzen ditu bertan. Elkartasun kontua da azken beltzean, Petros Markarisen nobeletako Jaritos komisarioa bezala, autoa aldatzekotan Seat bat erostera behartuta bere burua Europa hegoaldeko ekonomiekiko sinpatiaz.
Izpi batean gertatu da dena. Oxi! esan eta ezetzak irabazi. Zuzenean jarraitu ditu Sintagma plazako ospakizunak. Bestondoak betondoan jo du, ordea. Ez du ulertu Varufakisen dimisio ematea, eta kezkaz jarraitu ditu ondorengo egunetako negoziazioak. Badirudi estu hartu dutela Tsipras. Egunetik egunera estuago. Eta Europa bera dar-dar batean da, hala esan dute albistegietan, burtsak galdu eta galdu ari dira.
Orduan estutu da bera ere. Laster deituko diote kutxatik aurrezturik dituen sos apurrak zertan diren esateko. Akzioetan sartzeko gomendatu zioten, eta diru horren zain dago oporretara joateko. Alexis Tsiprasek klaudikazioaren agiria sinatu duen unean, azaldu ezin duen lasaitasun bare eta eder batek hartu du.
LARREPETIT
Bestondoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu