Euskara ez zela Francoren garaian debekupean bizi Gipuzkoan Eugenio Narbaiza azkoitiar kazetariak dio twitterren. Alferrik etorriko dira Torrealdai, Azurmendi eta enparauak ez dakit nongo artxibotan aurkitutako lege, salaketa eta lekukotza txatalekin. Narbaizak bere biografian du frogarik behinena: «Ni neu 1962an jaio nintzen eta sehaskatik hitz egiten dut».
Zuzen dabilela beste kazetari batek esango dio luze gabe, eta ez edonork. Herman Tertsch Del Valle Lersundik ere urrun barik du bermea: «Hori da beste mitoetako bat, Narbaiza. Gure aitona eta haren anaia, biak izan ziren Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais-eko lehendakari. Beti hitz egin eta argitaratu zen euskaraz».
Gibelak behar direla horrelakoak irensteko? Bai, seguru asko, eta bizitakoak bizita, ez txikiak, gainera. Nola den posible egia esanda gezurretan aritzea, hori dugu bitxiena beharbada. Baina egia da, ezagutu dugu euskara frankisten etxeetan. Intelektual organiko batzuen hizkuntza ere izan dela, badakigu, dimentsio publikorik gabe ia beti. Baina hortik euskarak baino euskaldunek bizi izan duten debekuaren negazionismoa defenditzera dagoen bidea, azaldu beharrik gabekoa da. Angel Acebesek eman zigun adibiderik praktikoena Euskaldunon Egunkaria giltzatu zuten hartan: «euskaldunen eskubideen eta askatasunaren aldeko operazioa izan da, beren hizkuntza askatasunez erabili dezaten».
Erridikulua da Narbaiza eta Tertsch hemen egurtu nahi izatea. Hala ere, biak ala biak ez dira beren gisara sortuak. Larramendiren espainol primigenioaren mitoan dituzte erroak; orain bogan dagoen nazio foralarena, sehaskatik edan dute. Kontua da geure buruari galdetzea euskararen gainean erabili ohi dituzten errazkeriak ez ote ditugun geuk ere erabili, iruntzietara bada ere. Ez ote ditugun geuk ere nahi baino gehiagotan sinplifikatu hizkuntzez eta hiztunei buruzkoak geure formula politikoen mesedetan.
LARREPETIT
Errazera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu