Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Itzalak

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Adinarekin batera doan gaitza da, edo bestela norberak berarekin dakarrena, asmaizu, toki orotan itzalak ikustea. Esan nahi dut, bazoaz kalean behera eta hor agertzen zaizu orain lurrindenda zoragarri hori dagoen bebarru berean umetako konfiteria, bere irin zuri, gurin gozo, opil bero eta paperean bildu gabeko goxoki koloretako haien usainekin. Nola ez, oroitzapen habitatuak dira gehienetan, eta hor dator atxonokin batera harakoren ama bere amantal zuriarekin, edo aldameneko bizargina, beti epeletan eserita agertzen zaidana, edota hango txokorrean zapatak eta guardasolak konpontzen zituen zital iharra.

Dagoeneko joan den mundua akordura txatalka dakorkigun hau, aplikazio praktiko handirik gabea egia esan, ez bada literaturarako, zinemarako edo horrelako huskeriaren baterako. Lagun arteko hitz-asperturako ere ez da txarra, aukera beti dagoelako orainak batu ez dezakeena iragan beti edertuan nola edo hala lotzeko. Nahi izatera, zikintzea ere badago: hemen hura hil zuten, danbateko bat, odol arrastoa espaloi ilunean. Eta hain delako oinarrian norberarena eta trukaezina usainen, itzalen eta iragan idealizatuen amarauna ez naute erabat asetzen memoria kolektiborako deiek. Ezar daiteke goitik behera, ezin bertikalago, baina zinez zaila da behartuta bizitzea denboraren inarrak auskalo nora eraman duen hori guztia.

Batbedera eta batbederaren itzalak, hain parerik gabeak guztiak. Eta hain zuzen horrexegatik badakit gaur gauean ere ezin izango dudala begirik bildu. Ohe bueltan, bart bezala, bota-hotsak eta berbaro mutiriak izango ditut. Hala esan zidan orain hurrena Karmelo Munarrizek, Etxauriko harakinak: «zuen etxean prestatu zuten 36ko kolpea Molak eta orduan herriko alkate zenak, Esteban Ezkurrak». Gezurra ez da. Hala dakar Del Burgo aitak ere bere paperetan.

Egia esan, nahiago norberarenak izatea itzalak. Joan zaitez haurrei hau kontatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.