Mendebaldeko sapatik ihesi, oinak arin, gogoa arinago, ekialdeak nau lotzen mendi-larreen abaroan. Belagua aldetik gora aurrena, Orhiko xoriaren gibeletik gero. Erronkari eta Zaraitzu, bi haran zabal, gure imajinarioan are zabalera handiagoa lortu dutenak, besteak beste, garai batean Irlanda etxean ere non edo non aurkitu nahirik, geure Far East-ean idoro genuelako. Eta han genituen ordurako zain Mariano Mendigatxaren bakardadea eta Fidela Bernatena, zer izan behar duen, edonon dela ere, azken hiztuna izatea, eta Julian Gaiarraren gutuna Bartzelonatik tia Juana maitiari, uskaraz. Zaraitzun, berriz, Ziriako eta Federiko Garraldaren ipuinen gatza; eta nola ez, Gartxot, Itzaltzuko bardoa. Esadazue bestela nola iritsiko ginen Itzaltzura.
Baina ezin betirako gelditu ametsean. Beste muturrean dut hitzordua handik bueltan, Larrabetzun. Lagunak dioen bezala, hondarrik gabeko basamortua da Larrabetzu uztail hondarrean. Bi mila lagun harripean gordeak, udako ispilatze urtuan. Kulturaren erreferente ezinbesteko da bestela herria. Bertan sortu ziren Literatura Eskola eta Literaturia. Bertan da Euskal Herriko gaztetxerik zaharrena. Bertan du egoitza Kukubiltxo antzerki taldeak. Eta txirrindulariez ere mintzatu behar nuke, eta Etxahun Lekuez, eta...
Eta halako batean, ura da hizketan hasi dena. Konturatzerako gertatu da dena. Zergatia argi ez dagoela, gilaz gora jarri da ontzia, eta gauak ez du lagundu. Banan-banan ito dira, badbederarena izan da larria, banaka lotu zaizkio hondoari, edo ur azalari, hatsik gabe daborduko. Batu, kopuruak emateko batzen ditugu... batzen ditugunean. Bi mila doaz orain arte aurten, edo bestela esanda, Larrabetzu osorik. Iaz, ostera, 3.419 izan ziren itoak, Erronkariko eta Zaraitzuko biztanle guztiak. Munduan ez, Mediterraneoan bakarrik.
Datorren urtean zer galduko dugun, ikuskizun dago.
LARREPETIT
Udamin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu