Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran oroitu dituzte Zallan eta Markinan, haien herrietan

Sei hilabete dira Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zela, eta oraindik ez dituzte topatu bi langileen gorpuak. Erantzukizunak eskatu dituzte

Atzo arratsaldean hainbat herritarrek Zallan egindako elkarretaratzea, langileak gogoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Sei hilabete bete dira Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SM enpresaren zabortegian luizi bat izan zenetik. Ordutik desagertuta daude Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak, baina haien herrietan ez dira ahaztu. Atzo, Zallan eta Markina-Xemeinen, bi langileen herrietan, elkarretaratzeak egin zituzten Joaquin eta Alberto gogoan lelopean. Halaber, lore eskaintza egin zieten Sololuzeri eta Beltrani. Isilean eta maskarak jantzita, Zaldibar argitu kartelak soinean zituztela, egoera argitzeko eskatu zuten.

Sei hilabeteotan oraindik ez dituzte langileen gorpuak topatu. Langileen sendiek ezin izan dute dolurik egin. Beltranen familiari jada eman diote heriotza agiria, eta Sololuzeren senideak lortzeko tramitean dabiltza. Helene Alberdik, Sololuzeren ilobak, hau txiokatu zuen atzo: «Urte erdia zuek gabe. Kanposantu edo itsaslabarren batera joan nahiko genuke loreak uztera, baina oraingoz zabortegira joatea besterik ez dugu. Noiz arte?». Argazkian, lore sorta bat ageri zen bi langileen izenen alboan.

Arriola, gobernutik kanpo

Astelehenean, beste elkarretaratze bat egin zuen Zaldibar Argitu plataformak Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean. Dozena bat lagun bildu ziren Alberto, Joaquin, Osasuna, Erantzukizunak leloa idatzia zuen pankartaren atzean. XII. legealdiari ekin zion legebiltzarrak aste hasieran, eta plataformak «erantzukizun politikoak» eskatu zituen. Oraindik gobernua osatzeko negoziazioetan ari dira EAJ eta PSE-EE. Zaldibar Argituk eskatzen du Iñaki Arriola jarduneko Ingurumen sailburuak ez dezala parte hartu hurrengo gobernuan.

Plataformak nabarmendu duenez, Jaurlaritza berriak ezin du ahaztu gertatutakoa: «Erantzukizunak argitzeko bidean urratsak egin behar ditu». Plataformaren arabera, «tragedia humanoa, ekologikoa eta soziala izan zen gertatu zena, eta urte erdiren ondoren erantzukizun politikoak argitu gabe egotea, lotsagarria ez ezik, kalitate demokratiko baxukoa da».

Gogora ekarri du oraindik ez dituztela aurkitu bi langileak, eta inguruko herritarrei ez zaiela konponbiderik eman zabortegi horrekin zer egin erabakitzeko. «Zabortegitik hauts toxikoa ateratzen ari da oraindik egun beroetan, eta osasun neurriak bermatzea eskatzen diegu erakundeei», argudiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.