«Burujabetza sakontzeko» firmak, abian

Erreferendumaren aldeko sinadura bilketari berrekin dio Hamaika Gara egitasmoak. Ekitaldi bat antolatu dute urriaren 31rako

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
jon olano
Donostia
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
24 eragilek osatutako Hamaika Gara dinamikak erreferendum baten aldeko sinadura bilketa bat jarri zuen martxan martxoaren 11n, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko. Handik hiru egunera, ordea, alarma egoera eta itxialdia ezarri zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Orain, berriro ekin diote sinadurak biltzeari, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren bozeramaileek azaldu dutenez. Atzo ekin zioten; Hamaikagara.eus webgunean jasoko dituzte sinadurak, eta ekainera arte iraungo du bilketa kanpainak. Aurrez manifestua izenpetu zutenek ez dute berriro egin beharko.

Alvarezen eta Etxabururen hitzetan, sinadura bilketak oinarri duen manifestuan, sinatzaileek «burujabetzarako bidean» euren «borondatea eta konpromisoa» adieraziko dituzte, eta, era berean, «erreferendumak egiteko ahalmena bere gain hartu, arautu eta garatzeko» eskatuko diete Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari. «Arduraz jokatuko dugu, herritarron borondateari modu eraginkor batean bide eman diezaioten», erantsi dute bozeramaileek.

Etxaburuk azaldu duenez, «osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua», eta erantsi du «tokian tokiko erabakiak» behar direla: «Osasuna, langabezia, zaintza eta hezkuntza dira denon kezka nagusiak; horiei guztiei erantzuteko, erabakimen handiagoa behar dugu herritarrok». Horren harira, Etxaburuk uste du «gizartean erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea» dagokiela alderdiei.

Ekitaldia Plateruenan

Urriaren 31rako ekitaldi politiko-kultural bat antolatu dute. 18:00etan izango da, Durangoko Plateruenan (Bizkaia). Ezin denez jendetzarik pilatu, ordea, herriz herri egingo dituzte proiekzioak, eta Hamaikagara.eus atarian ere ikusgai egongo da. Altxa izena jarri diote ekitaldiari.

Amancay Gaztañaga izango da ekitaldiaren zuzendaria, eta Gotzon Barandiaran gidoilaria. Besteak beste, parte hartuko dute Amets Arzallus bertsolariak, Eñaut Elorrieta abeslariak, Dupla taldeak, eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.