Espainiako Gobernuarekin negoziazio mahaian esertzearen kontrako ahotsak harrotu ditu Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren atxiloketak. Hura Sardiniako Algheron atxikita eduki eta lau egunera, baina, negoziazioaren aldeko apustua berretsi du Pere Aragones Kataluniako presidenteak. Kataluniako Parlamentuan atzo hasi eta gaur amaituko den politika orokorreko eztabaidan, argi utzi du ez duela mahaitik altxatzeko asmorik. «Egun daukagun indar harremanarekin, estrategia irabazle bakarra dago independentzia lortzeko: Espainiako Estatua negoziatzera behartzea, eta [independentistak] gehiago eta indartsuago izateko lan egitea», adierazi zuen atzo, eztabaidaren lehen hitzaldian. Taldeek gaur erantzungo diote. Juntsek eta CUPek Espainiarekiko jarrera gogortzeko eskatzea espero da.
Bi alderdi horiek negoziazio mahaiarekiko mesfidantza agertu dute jendaurrean hura eratu zenetik, eta konfiantza eskasia hori are handiagoa da joan den ostiraletik, Italiako Poliziak Espainiako justiziaren eskariz Puigdemont atxilotu zuenetik. Juntsen eta CUPen iritziz, Espainiako Gobernuak «ez du gatazka politikoa gainditzeko borondaterik», eta hala frogatzen du Puigdemonten kontrako «jazarpen judizialak».
Hori dela eta, CUPek autodeterminazioa gauzatzeko B plan bat zehaztea eskatu dio Generalitateari. Antikapitalistek beren proposamena aurkeztuko dute politika orokorreko eztabaidan: Legealdi honetan autodeterminazio erreferendum bat antolatzea.
Aragonesen esanetan, baina, independentismoak ezin ditu elkarrizketarako espazioak baztertu. Espainiarekin martxan den negoziazio mahaia «aukera historikoa» da, eta hura «aprobetxatu» behar dute. Generalitateko buruari «normala» iruditzen zaio politikari independentistak Madrilekiko «eszeptiko» agertzea. Are gehiago, independentismoa «eszeptiko izatera behartuta» dago, baina, baita negoziaziorako saiakeran «ahalegin guztia» egitera ere.
Estatu independente bilakatzeko, Kataluniak ezinbestean beharko du nazioarteko komunitatearen aitortza, eta Aragonesek ulertzera eman du nazioarteanbadela nolabaiteko eragin bat Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazioen alde. «Hain justu, nazioarteko komunitateak ere bultzatu gaitu negoziazio prozesu honetara».
Independentismoak egiazko ahalegina egin arren, mahaian akordio bat lortuko ez balitz independentismoa indartuta atera daitekeela uste du gobernuburuak. «Estatuak negoziaziorako aukera baliatuko ez balu, agerian utz dezake, prozesuari kanpotik eta barrutik begira ari direnen begietara, ez duela irtenbide politiko baterako proposamen bat egiteko egiazko borondaterik». Oraindik ere Espainiako Gobernuak Kataluniako gatazka gainditzeko proposamenik ez duela aurkeztu nabarmendu du.
Bidean zailtasun handiak izango dira, horretaz ziur dago Aragones. Negoziazioa «izugarri konplexua» izango dela ohartarazi du. «Badakigu zein izango den estatuko gobernuaren tentazioa. Prozesu independentista lozorrora eramatea, zatiketa lortu nahiizatea eta ahalik eta kontzesiorik txikienak egitea». Horri aurre egiteko, mugimendu independentistaren «erabakimena» eta «batasuna» galdegin ditu, «helburu ahalik eta handienak lortzeko».
Gobernu bat, bi ahots
Ez zen batasunik izan mahaiaren azken bileran. Negoziaziorako gunea irailaren 15ean berreskuratu zuten bi gobernuek, baina Generalitatearen aldetik ERCko ordezkariek soilik hartu zuten parte, agintean haren koaliziokide den Juntseko kiderik gabe. Aragonesek ez zuen Juntsen ordezkaritza proposamena onartu, Jordi Puignero presidenteordea salbu, izendatutakoak ez zirelako gobernuko kide. Erabakiak berriro ere gaiztotu zituen ERCren eta Juntsen arteko harremanak.
Handik egun gutxira, Puigdemonten atxiloketak are gehiago urrundu zituen bi indarren diskurtsoak. Elsa Artadi Juntseko bozeramaileak azalpenak eskatu zizkion Madrili, eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea jo zuen Puigdemonten atxiloketaren «arduraduntzat».
Aragonesek atxiloketaren arduratik salbuetsi du Espainiako Gobernua, baina neurriak hartzera deitu du. Presidentearen hitzetan, halako gertaerek «ez diote batere laguntzen konponbide prozesuari». Gaineratu duenez, «Espainiako Gobernuak errepresioa amaitzen laguntzen ez badu, askoz ere zailagoa izango da hitz egitea».
Asteburuan hainbat mobilizazio izango dira Katalunian 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenarengatik, eta Generalitateak ekitaldi instituzionala egingo du. Astelehenean, Puigdemontek Sardinian deklaratuko du, Espainiak igorritako euroaginduaren harira.
Aragones: «Negoziatzera behartzea da estrategia irabazle bakarra»
Generalitateko buruaren esanetan, Espainiako Gobernuak «errepresioa amaitzen lagundu» behar du hitz egitea «askoz ere zailagoa» izan ez dadin. Juntsek eta CUPek gaur erantzungo diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu