Bidaia lisergiko bat ezkerraren ajeetara

Argentinara ihesi joandako bi lagunen arteko harreman dialektiko eta gorabeheratsua kontatzen du Asel Luzarragaren 'Bahiketa' eleberriak. Lanak «irakurketa aktiboa» eskatzen duela dio idazleak

JON URBE / @FOKU.
Inigo Astiz
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
«Izenburuak esaten duen bezala, bahiketa bat gertatzen da liburuan». Baieztapen itxuraz sinple horrekin hasi du Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak Asel Luzarraga idazlearen Bahiketa lanari buruzko azalpena, baina esaldia bukatzera iristerako erein behar izan du zalantza. «Edo, ustez, bahiketa bat egon da». Eta baietz idazleak. Luzarragak dioenez, Arrulak azaldutako mesfidantza puntu horrekin irakurri beharrekoa baita eleberri osoa. Buenos Aires hirian kokatzen da istorioa, eta Edu eta Matxin lagunak dira kontakizuneko protagonistak, baina lehenengoaren begiradatik ikusita jasoko du irakurleak kontakizun osoa, eta idazleak zehaztu duenez, kasu honetan, kontalaria «ez da fidagarria». «Lagunei esaten diet liburua apur bat lisergikoa dela», azaldu du, «bertan agertzen direlako Eduren buruaren joan-etorri bitxiak». Eta joan-etorri horiek dira zalantzak pizten dituztenak. Labirinto bat izatera iritsi gabe ere, liburuak «irakurketa aktiboa» eskatzen duela esan du Luzarragak.

1990eko hamarkadan Euskal Herritik Argentinara ihes eginda joandako bi lagun dira Edu eta Matxin. La Hoz izeneko egunkari komunistako kazetari bat da lehena, eta bertan artikuluak argitaratzen dituen anarkista bat bigarrena. Luzea da haien arteko harremana, gainera, eta lagun izateaz aparte, maitale izandakoak ere badira, nahiz eta urteek higatu eta zaildu egin duten haien arteko harremana.

Sadomasokismoa

Dialektikoa ere bada bi lagunen arteko jarduna. Idazleak onartu duenez, «ezkerraren ajeez» hitz egiteko baliatu nahi izan du eleberria, eta, bereziki, «lehen munduko» ezkerraren ajeez aritzeko. Maitasun libreaz, adibidez. «Gauza bat da teoria eta bestea da errealitatea». Eta ezkerraren ustezko feminismoaz ere bai. «Denok garelako oso feministak, baina matxismo handia ikusten delako». Barne talka horien arrastoak igar daitezke liburuko bi pertsonaiengan ere. «Beti pentsatzen dugu ez gabiltzala geure ideien mailan, eta asko zigortzen dugu geure burua ez izateagatik nahi genukeen hori. Eduri apur bat hori gertatzen zaio, eta haren begietan ikusten dugun Matxin da proiekzio bat, Eduk proiektatzen duen zer edo zer. Oso idealizatuta dauka».

Liburua bukatu ondoren topatu du bere bi pertsonaiak ulertzeko klabeetako bat. Erich Fromm idazlearen Askatasunari iheska liburuan, zehazki. Hainbat izaera mota deskribatzen ditu Frommek lan horretan, eta haietako batek deitu du bereziki Luzarragaren arreta: izaera autoritarioa izenekoak. «Gizaki modernoak ezerezari ihes egiteko bilatzen dituen moduetako bat da izaera autoritario hori, eta Frommek sadomasokismoarekin lotuta ikusten du». Eta, Luzarragak dioenez, hori da bere liburuko protagonista deskribatzeko modu posibleetako bat. «Alde batetik, badauka jarrera sadikoa, menderatzailea, nahi duelako menpean eduki Matxin, baina, era berean, berak beti goratu behar du Matxin, eta, beraz, oso goian dagoen pertsona batena da haren hitzetan agertzen den Matxinen irudia, eta Eduk jartzen du hor goian, hain zuzen, bere burua behean ipini ahal izateko; alde masokista horregatik». Menderatzaile izan nahi baitu, eta menderatu sentitzen baita.

Nagusiki Buenos Airesen kokatzen da kontakizuna, eta, idazlearen hitzetan, hiri hori da liburuaren hirugarren pertsonaia nagusia.

Luzarragak ezagun du hiria, eta eleberriarekin hari omenaldi moduko bat egitea izan da bere helburua. «Saiatu naiz ez zedin omenaldi erromantiko bat izan, eta erretratu horrek ere badu bere puntu ironiko eta garratza». Irakurleari, hiria «sentiarazi» egin nahi izan dio, halere.

Donostia, Montevideo eta Paris ere agertzen dira eleberrian, eta, horregatik, bidaia liburu moduko bat ere izan daitekeela esan du editoreak, neurri batean liburu psikologiko bat ere badela ahaztu gabe. Protagonistaren begiradatik kontatuta dagoelako. Liburua «oso dinamikoa» dela ere gehitu du Arrulak, eta «estilo bizian» idatzita dagoela.

Ziurtasunak zalantzan

Luzarragak kontatu duenez, Argentinako hiriburuan bertan sortu zitzaion liburua idazteko ideia. 2012. urtean. «Hango lagun psikologo biren etxean nengoen, eta gau batean egin zituzten porro batzuk, porro bana gutako bakoitzarentzat, eta oso bidaia txarra eduki nuen. Denbora-espazioaren hausturak sentitu nituen. Beraz, esperientzia hori baneukan, batetik, eta, bestetik, banenbilen irakurtzen Orham Pamuken Liburu beltza, eta hor badago desagertutako pertsonaia bat. Esperientzia biak batu ziren, eta hortik sortu zen bahiketa honen ideia».

2003an argitaratu zuen bere lehen eleberria Luzarragak —Hamaika ispilu ganbil (Labayru)—, eta zortzigarrena du orain Bahiketa. Eta, dioenez, aurreko lanetan egin bezala, zalantza hazi bat ereiten saiatu da oraingoan ere. «Nire liburuetan gure ziurtasunak apur bat ziurgabeago bihurtzea gustatzen zait. Ikusi nahi izaten dut noraino sinisten ditugun gauzak, eta zer punturaino gauden benetan seguru hain segurutzat ditugun gauzez, geure buruagaz zintzo izaten saiatzen garenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.