Fernando Tapia Alberdi. EHUko errektoreordea

«Arreta psikologikoa eskatu duten ikasleen kopurua %25 igo da»

EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordeak ohartarazi du ikasturte honetako lehen hiruhilekoan gora egin duela arta psikologikoa eskatu duten ikasleen kopuruak.

TERE ORMAZABAL / EHU.
unai etxenausia
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Zuzenbidean doktorea da Fernando Tapia Alberdi (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969), eta, horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordea eta unibertsitateko arreta psikologikorako zerbitzuaren arduraduna. Tapiak nabarmendu duenez, etorkizunaren inguruko «ziurgabetasuna eta ezinegona» sentitzen dute arreta psikologikoa eskatzen duten ikasle askok. Garaiz esku hartzea da giltzarrietako bat, errektoreordearen ustez.

Zer-nolako arreta psikologikoa eskatzen dute zuengana iristen diren ikasleek?

Bi profil nagusi daude. Batetik, arreta eskatzen duten ikasleen %40k buruko desorekaren batekin bateragarria den sintomatologiaren bat erakusten dute. Ikasle horiek jada desorekaren bat garatu dute. Adibidez, estresarekiko erantzun larriak, antsietatea, depresio aldiak, eta alor horretako beste arazo batzuk izaten dituzte. Artatzen ditugun beste %60ek, berriz, osasunean eragiten duten arazoren bat izan arren, oraindik ez dute garatu buruko desorekarik edo nahasmendurik. Bigarren multzo horretan, kasuak antzekoak izan ohi dira. Bizitzari aurre egiteko zailtasunekin edo gizarte giroarekin lotuta egoten dira normalean.

Zeintzuk dira kezka nagusiak?

Bigarren multzoko ikasle gehienek etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna eta ezinegona dauzkate. Arazo eta kezka askoren jatorria itxaropenik ez izatearekin lotu genezake. Gaur egungo egoera nola dagoen ikusita, ez dute irtenbiderik ikusten: soldata miserableak, emantzipatzeko ezintasuna, ikasketak amaitu eta lanik ez aurkitzea, eta horrelako kezkak izaten dituzte. Horregatik, kasu horietan garrantzitsua da lehenbailehen esku hartzea, desorekaren bat sortu aurretik arazo horiei aurre egitea.

Beraz, prebentzioa da garrantzitsuena?

Bai, eta bereziki nabarmenduko nuke. Izan ere, artatzen ditugun ikasle gehienek ez dute garatu berezko patologiarik, eta merezi du alor horretan esfortzu bat egitea. Ikusi dugu nola kontsulta gutxirekin ikasle horiek aurrera egiten duten. Normalean, hiru edo sei kontsultarekin nahikoa izaten dute egoera zail horretatik ateratzeko.

Doako zerbitzua da?

Noski. Ikasleei ez zaie ezer kobratzen. Uste dugu buru osasuna zaintzea ez dela bakarrik ordaindu dezakeenarentzat. Oso balio garrantzitsua da hori guretzat, eta beharrezkoa ikusten dugu doako zerbitzua izatea. Gainera, ez bakarrik ikasleek, EHUko edozein langilek ere eska dezake laguntza. Halere, ikasleak dira etortzen zaizkigun gehienak.

Okerrera egin al du ikasleen buruko osasunak?

Zoritxarrez, bai. Baina duela hiru urte hasi zen goraldia. Esate baterako, aurreko ikasturtean %10 kontsulta gehiago izan genituen. Baina uste dugu pandemiaz gain beste faktore batzuk eragina izan dutela. Halere, pandemiak laguntza eskatzea desestigmatizatu du.

Zergatik diozu hori?

Ezkutuan zeuden arazo asko azaleratu ditu. Behingoz behintzat, baztertu egin da laguntza psikologikoa kasurik larrienetan eskatu behar den ideia. Ona da jendeak behar duenean laguntza eskatzea. Horrez gain, pandemia aurretik, lagunekin zerbait hartzera ateratzea edo bidaia bat egitea bezalako ohiturek buruko arazoen ezinegona arintzeko balio zuten. Baina izurriteak giltzapetu gintuenean, murrizketek arazo asko azaleratu zituzten, eta ikasle batzuei zaila egin zaie horri aurre egitea; ziurrenik, aurre egiteko tresnarik ez zeukatelako.

Adibidez?

Ezintasun horren adibidea da ikasturte honetako lehen hiruhilekoko datua; izan ere, %25 igo da unibertsitateko arreta psikologikorako zerbitzua eskatu duten ikasleen kopurua. Horren zergatia eta datuak ez ditugu guztiz aztertu, baina badakigu datu adierazgarria dela.

Gero eta larriagoak dira arazoak?

Pandemia aurretik buruko desoreka bat zeukana okerrago dago orain. Beraz, bai, asko okertu da. Eta bakar batzuk izan arren, artatzen ditugu buruko arazo oso larriak garatu dituzten ikasleak; sintomatologia benetan kezkagarriak dituzte.

Nola antolatzen zarete? Zerbitzua indartu behar izan al duzue?

Zuzendari bat daukagu, aldi berean Psikologia Fakultateko irakaslea dena. Bestalde, EHUk kontratatuta ditu bi psikologo kliniko. Hala ere, kanpoko kontratazioekin indartu behar izan dugu lantaldea. Administrazio publiko bat garenez, kontratatzeko muga batzuk ditugu, eta, egoera kritiko honi erantzuteko, bi psikologo pribatu gehiago azpikontratatu ditugu. Baina gure asmoa da azpikontrataziorik gabeko profesionalez osatutako lantalde bat egitea. Horrela, hobeto aurre egingo diegu datozen beharrei.

Zure ustez, zein da unibertsitatearen funtzioa alor horretan?

Uste dut ahal den heinean badaudela aurre egin behar zaien arazo batzuk, eta horretan lagundu behar dugu. Baina gu unibertsitate bat gara; neurri bateraino lagundu dezakegu, eta, ondoren, beharrezkoa iruditzen bazaigu, psikologoengana igortzen ditugu kasu batzuk. Funtsezkoa da ikasleei gaur egungo ziurgabetasunari eta frustrazioari aurre egiten eta egokitzen laguntzea. Horregatik, oso garrantzitsua da buruko desorekaren bat garatzeko arriskuan egon daitekeenari laguntzea. Argi daukat ikasleei laguntzea ongizatean inbertitzea dela. Ez da gastua; etorkizunean gure herria aurrera aterako dutenei laguntzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.