Ismael Manterola
BEGIZ

Tabakalera

2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Azkenean zabaldu dute Donostiako Tabakalera izeneko Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa. Hasiera-hasieratik zalantzak izan nituen proiektuaren egokitasunaren eta bideragarritasunaren inguruan, baina aurrera zihoala konturatuta, ahalik eta txukunen egitea eskatu nien gure jaungoiko modernoei: politikari eta arkitektoei.

Zabaltze egunean bisitatzeko aukera izan nuenean, sentsazio gazi-gozoa izan nuen. Alde batetik, nostalgiaz gogoratu nituen eraikuntza zaharreko pareta zikinak eta itxura industrialeko espazio bereziak. Beste alde batetik, txundituta geratu nintzen espazio berriekin, bai tamainagatik, bai berriak diren erabilpenengatik.

Ez dakit oso ondo zer den kultura garaikidea, eta, horregatik, ez dakit oso ondo zer den kultura garaikideko zentroa. Hala ere, arterako azpiegitura oso interesgarriak ikusi ditut, batez ere barrura begira prestatutakoak. Barrura begira esaten dudanean, ikuskizunerako ez direnak edo jendeak normalean bisitatuko ez dituztenei buruz ari naiz. Artistentzako lantegiak edo laborategiak, ekoizpenerako edo sorkuntzarako erabiliko direnak, behin-behineko edo une jakin baterako erabil daitekeen erakusketa aretoa... harritu ninduten. Hor egongo da, seguru asko, Tabakaleraren interesgunea.

Kanpora begirako aretoak ez zaizkit hain interesgarriak iruditu. Erakusketa aretoak eskas xamarrak, Tabakalera zaharrak zuen tokia kontuan izanda, eta ezerezetik hasteko aukera izanda; horretan arkitektoek ez dute asmatu. Ikusi beharko dugu nolakoa den Kutxak hartu duen erakusketa aretoa (hobeagoa akaso?).

Eraikuntzaren ehuneko handia beste erakundeen esku geratu da; ezinbestean, zaila baitzen arterako edo sormenerako hainbeste metro koadro erabiltzea.

Inork eskatu gabeko kultur edo arte azpiegitura martxan da berezkoa izango duen egoitzan. Orain, guri tokatzen zaigu betetzea. Garai bateko Artelekuren aldean, azpiegitura dotoreak eta ederrak ditu, eta bertan lan egingo duen jendea biltzea da orain erronka. Artelekuko azpiegitura xumea gogo handiko jendez bete zen garai batean, ez nuke nahi Tabakaleran alderantzizkoa gertatzea: luxuzko baliabideak inorentzat. Zuzendaritza taldea behin-behineko lokaletan hasi zenetik, oso ondo asmatu du neurria hartzen. Horregatik, aurretik egindako lana jarraitzea izango da errazena. Zailena bitartekaritza asmotan ikusten dut, Tabakalerako helburuetako bat kultura digitala eta esperimentazio teknologikoa gizartearekin harremanetan jartzea delako. Uste dut lehenbiziko erakusketak zaila duela helburu horrekin bat egitea. Zerbait errazagoa ere egin zitekeen zabaltze erakusketarako. Hala ere, hasiera besterik ez da, itxaron dezagun lehen urtea bete arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.