Urak bizi dabiltza gure inguruko estatuetan. G20koen bilera Australian zela-eta, bidaia baliatu zuen François Hollandek Kaledonia Berrian bisita egiteko, eta Parisen konpromisoa berresteko: 1998ko Noumeako akordioek dioten legez, independentzia-erreferenduma egingo da 2018 baino lehen, eta Frantziak jarrera neutrala izango du. «Kaledoniarrek izango dute azken hitza», gogora ekarri zuen presidenteak astelehenean. Bisitak, urri hasieran piztutako eztabaida baretzeko helburua bazeukan, ez zuen lortu, eta nekez egingo du behera tentsioak hemendik aurrera, 2018ko data hurbildu ahala. Unionismo caldoche-ak hamar mila lagun inguru mobilizatu egin zituen Hollanderi argi esateko aurrerantzean ere frantses segi nahi dutela. Autodeterminazioak eta erabakitzeak, oro har, XXI. mendean dituzten ohiko arazoak ageri dira: eskaria askoz presenteago dago metropoli aurreratuetan (Europa, Kanada), estatu horiek gordetzen dituzten azken kolonietan baino. Nork utzi Errepublika eta Europar Batasuna, segurtasunik gabeko etorkizun batera joateko? Mendeetako kolonialismoak, bidezko deskolonizazioa ahalbidetu beharko luke, gutxieneko bideragarritasuna izateko estatu berriak.
Hexagonoan ere «aukera-eskubidea» mintzagai egunotan Biltzar Nazionalean. Ez da kasualitatea, baina, Parisek zernahi eginda ere, ustez Errepublikaren hobe beharrez diren neurri guztiak bertako herri «ez-frantsesen» kalte izatea. Droit d'option edo aukeratzeko eskubideaz ere hitz gordinak izan dira. Departamendu batek eskualdea utzi eta aldamenekoarekin bat egiteko ahala litzateke aukera-eskubide hori. Loire-Atlantique Bretainiara itzultzea, alegia. Teorian posible bada ere, ia ezinezko da egiaz: departamenduak eta bi eskualdeek —oraingoak eta helburu duenak, Pays de la Loirek eta Bretainiak, kasurako—, hautetsien % 60ren oniritzia behar dute, eta hura lortuta erreferendumean berretsi beharko lukete departamenduko herritarrek. Eskuineko zein ezkerreko bretoi diputatuek %50era jaistea eskatu zuten. Biltzar Nazionalak ezetz, bistan da. Eta bretoiek, zatiketa 1941ean Vichyn hartutako erabakia dela gogorarazi.
Bretainian manifestazio jendetsuak egon dira asteotan batasunaren alde, baina egiazko haserrea Alsazian piztu da, nortasun alemaneko lurraldea Champagne eta Lorrenaren eskualde erraldoian urtuko dela ikusita. Ezin ezkondu batzuk, «eta gu ezkontzera behartu», salatu du Charles Buttner UMPko alsaziarrak. Jean-Luc Reitzer alderdikideak, bide beretik: «Zein gizarte motatan behartu daiteke inor bere borondatearen aurka ezkontzera?».
Aspaldi azaldu zuen Samuel P. Huntington eskuindarrak, XXI.ean erabaki eskubidea «XX.ean dibortzioa bezain natural» izango zela. Oraingoz ukoa da nagusi. Ukoa Ipar Euskal Herriko hautetsien proposamenei, herritarrei galdetzeari, Alsaziari zein Bretainiari. Ukoa Espainiak Trebiñuri, kanariarren borondateari eta, zer esanik ez, Kataluniari.
Baina beti ezetzean dabilenak zilegitasuna galtzen du azkenean. Espainiaren itsukeria Katalunia estatutik kanporatzen ari da. Estatu hori ezagutu ezean, sinetsi ere egingo genuke Artur Masekin adostu dutela auzipetzea, hura ERCri gailendu eta independentismoa desaktibatzeko. Baina sofistikazio gehiegi Espainiarako. Ezin konparatu bateko eta besteko amorrua —tamalez Paris beti Madril baino indartsuago, erreformak zentzurik gabe abiaraztean ere—, baina Kanarietatik Alsaziara herritarrei galdetu gabeko erabakiak dira nagusi, eta mespretxuak baditu bere mugak ere.
Italiar bidea deritzona iradoki dute egunotan Katalunian: alderdiak nor bere aldetik aurkeztea, baina goiburu berarekin, demagun Ara es l'hora-ERC, Ara es l'hora-CUP, eta abar. Artur Mas auzipetuta, datozen egunetan deitu ditzake hauteskundeak, otsailera begira ziur aski. Salaketarekin, Espainiak leku pribilegiatuan jarri du Mas. Herritarrei bozkatzen uzteagatik presidentea kargugabetzea, Katalunia Estatutik kanporatzearen metafora argiena da. Ederto laburtu du independentista batek Twitterren: «Hautagaitza bateraturik ez badago, PPren alde bozkatuko dut, independentziaren alde gehien egiten ari dena da».
LEKU-LEKUTAN
Erabaki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu