Argazkilaria da Erika Barahona Ede (Bilbo, 1969). 1990eko hamarkadaren hasieratik Berlin erretratatzen ibili da, David Hornback senarrak bezala. Bakoitzaren begiraden emaitza ikusgai dago Elgoibarko kultur etxean Das ist Berlin erakusketan. Urriaren 31 arte zabalik egongo da, 18:30etik 20:30era.
20 urte daramatzazue Berlin erretratatzen. Nola hasi zineten?
David ni baino lehenago hasi zen hiria erretratatzen. Ni 1994. urtetik ari naiz. Prenzlauerberg auzoan bizi ginen egitasmo honetan hasi ginenean, eta desastre hutsa zen hura, dena erdi suntsiturik eta berritzeke zegoelako. Argazki gehienak horkoak dira. Leku batzuk 1994an erretratatu nituen. Leku berera itzuli nintzen 2000ko hamarkadaren hasieran, eta erakusketan ikusten da aldaketa. Etxea dugu Berlinen. Hango aldizkari eta erakundeentzat egin dugu lan, argazkilari gisa. Jarraitzen dugu lan honetan.
Zure senarrak berlindarrak erretratatzen baditu ere, zuk dendak eta etxe aurreak aukeratu dituzu.
Historiaren pisuak zanpaturiko hiria da Berlin. Batzuetan leku berean egin ditugu argazkiak, biok batera, baina, noski, gauza ezberdinak ikusi ditugu. Nire lan honetan azala baino ez da ikusten, fatxadak, ikusi egiten dena. Argazkilariak ikusten dena erretrata dezake soilik. Agfa Clack kamera erabili dut. Bost markoren truke erosi nuen —2,50 euro— traste zaharren azoka batean. Oso kamera txarra da, noski: abiadura bakarra du.
Zergatik lan egin kamera txar batekin eskura onak dituzunean?
Argazkiak nola egiten diren ez da garrantzitsua, garrantzitsua da buruan daukazuna. Kamera honek aukera ematen zidan argazki handiak egiteko, eta objektiboa oso txarra bada ere, erdialdean oso ondo enfokatzen du. Nire lan profesionalean perfekzioa ezinbestekoa da, baina honetan lan pertsonalago bat egin nahi nuen. Zuri-beltzekoak Leica batekin egin ditut.
Horren azkar aldatzen den hiri bat ez al da mugituta ateratzen argazkietan?
Europako hiribururik biziena da Berlin gaur egun. Paris 1920ko hamarkadan edo New York 1930ean bezalakoa da. Gauzak gertatzen dira. Berezia da: Europarekin harremanetan dago eta bakarturik dago, aldi berean. 50 urtez bakarturik egotearen ondorioa da. Orain espiritualki dago bere baitan bilduta: sekulako berrikuntza urbanistikoak egin dituzte, baina leku asko denboraren kapsula gisa geratu dira. Eta hori gorde nahi izan dute: esaterako, lehen mundu gerrako fruta denda batean, kanpoalde hondatua bere horretan gordetzen dute, baina barruan, agian, Dolce and Gabannaren denda supermoderno bat dago.
Justifikaturik dago Berlinek artisten artean duen ospea eta sortzen duen lilura?
Orain, artista batek Europan bizitoki izan dezakeen hiriburu bakarra da. Han ez duzu lan eta lan egin behar, edozein gauzatan, alokairu bat ordaintzeko. Ezpazio merkeak daude, eta horrek eragin du Europa osoko artista askok han tailer handi bat izatea. Gero, agian, galeria Londresen, Zurichen edo Kopenhagen dute. New Yorken edo Parisen ezinezkoa da, metro koadroaren salneurriak galarazten dizulako. Hiri pobrea da Berlin: ez du industriarik, eta, orain, gainera, sekulako zorra du. Anomalia bat da Alemanian bertan. Berlin ez da Alemania.
Erika Barahona Ede. Argazkilaria
«Berlin da, orain, Europan artista batek bizitoki izan dezakeen hiriburu bakarra»
Barahona argazkilari bilbotarrak 20 urte daramatza Berlin erretratatzen, David Hornback senarrarekin batera. 'Das ist Berlin' erakusketan, oraindik bukatu ez den lan horren argazkiak jarri dituzte, Elgoibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu