garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Kosmosa

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hor goitik zer ikusten ote da?», galdetu zidan oso aspaldi agure zahar batek. Banku berean ginen eserita, ni, hamahiru urteko nerabe, ikastolako lagunen zain, eta hura, hegazkin batek ortzian utzitako arrastoari begira, udaberriaren epelean. Ezin izan nion erantzun, artean luxuzko garraiobidea baitzen airekoa.

Antzeko jakin-mina erakutsi zuen Sobietar Batasuneko buruzagi Nikita Khrustxov-ek ere, gizakiak estreinakoz espaziora ateratzea lortu zuenean, gaurko egunez, 1961ean. «Galdezka aritu natzaio Juri Gagarini, eta han ez omen da jainkorik ageri», haizatu zuen harro, sarkasmoz, teknologiaren aldarria eginez, naziotasun komunista ikur goren bihurtuz, misil nuklearren aroan, Gerra Hotz betean.

Vostok-1 kapsulako kosmonautak ez zizkion, ordea, begiak balizko ahalguztidunari jarri. Hark, berriro oinak pausatu ahal izango zituen ez bazekien ere, planeta urdinari erreparatu zion liluratuta, eta hantxe, hutsune beltzean malder eta babes gabe ikusirik, egundaino esan den topiko bakezale-ekologistarik egiatiena eskaini zigun ezustean, historiak Neil Armstrong ilargiratu zeneko esaldi fabrikatu ergela hobetsi digun arren: «Hau da edertasuna. Mundutarrok, zain dezagun Lurra, ez dezagun suntsi».

Begi-bistakoenak nekez ikusten ditugun seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.