Miren sinesten hasita dago erabat pertsona ozpindu eta aspergarria dela. Izan ere, Miren ohartu da udazkenean aurrerako uda bete honek eragiten dion deserosotasuna aipatzen duen bakoitzean errezelo begiradak jasotzen dituela.
Esaten badu ez zaiola parte onekoa iruditzen urriaren erdia gaindituta eguzki erretan kiskaltzea, abuztuko gorienean bezala hondartza bila ibiltzea, segituan ihardesten diote solaskideek egoteko isilik, lagatzeko festa bakean, alde ederrekoa dela hau negu hotz eta ilunarekin konparatuta. Gainera, eransten dute beti izan direla udaldiak sanmigeletan edota pilariketan, eta laster iritsiko den azaroko sanmartinetan. Berak zehazten badu gauza bat dela pilariketako hego haizearekin jertsea erantzi behar izatea, eta beste bat, aurten bezala, oporretako pasealekutan promenatzeko jantzi arin eta poz kutsukoak gainetik kendu ezinik ibiltzea, orduan eta gehiago okertzen diote begirada. Eta denek, aho batez, esaten dute ahal balitz urte guztia pasako luketela kamiseta tirantedun eta txankletak jantzita. Urte guztia pasako luketela horrelaxe, hondartzarako edo mendirako bidean, edo tabernetako terrazetan. Oporretan bezala: bizitzen.
Eta Miren ozpin eta aspergarri sentitzen da, desiratzen dagoelako beroki luzeetan gordetzeko, iluntze hotzetan bere baitara biltzeko.
BIRA
Hotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu