Zauskadatxoa hartu nuen Hitz Beste egiteari lagako zeniola jakitean, Anjel, eta aitak plazetatik erretiratzera zihoala esan zidanekoaz akordatu nintzen. Pena eman zidan, bai baitira gauzak egundo amaituko ez direla pentsatzen dugunak. Urteak dira, bi, lau, zortzi, hamar, hamalau urte, goizero-goizero zure leihopera hurreratzen garena, jakin-minez, zer eskegi ote duzun ikusteko: gogoetak, hitz-jokoak, aipuak eta pasadizoak zenbat gura. Gaur utzidazu zeuri bat kontatzen.
Ba omen zen artisau veneziar bat jendaurrean lan egitea maite zuena. Hiriko plazatxo batean jartzen ei zen egunero bere egurrezko aulkitxo eta mahai tolesgarri. Hasi omen zen behinola kristalezko botila baten barruan belaontzi baten maketa eraikitzen. Hain zerabiltzan pieza txikiak, berbatxo baten tamainako zotzak, ezen hiritarrak txundituta geratzen baitziren artisauaren mainari, konstantziari, begira. Hain-hain txikiak, ezen bista labur samarra zutenei kosta egiten baitzitzaien egun batetik besterako aurrerapena ikustea. Eta halaxe, harik eta belaontzigileak «amaitu dut» esan zuen arte. Botila plazaren erdian ipiniaz bat inguratu zen jendea eta orduantxe jabetu, distantzia batetik begiratu ziotenean, txikika-txikika eginiko obra haren handiaz.
Segiko dugu lantzean behin zure leihopetik pasatzen, Anjel. Ea ametsak ureztatzen harrapatzen zaitugun.
BIRA
Belaontzigilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu