Samara Velte.
BIRA

Bankua

2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Modernoen auzoa omen da gurea. Garagardoaren batez besteko prezioa bi euro eta erdikoa da; bizartegiek barber shop izena dute; azoka deitzen diotena supermerkatu vintage bat da; eta igande goizetan ez da Hondakinaren Saririk jasotzea merezi duen inor geratzen kale bazterretan: eguzkitako betaurreko distiratsuekin irteten dira gazteak bermutera.

Auzoaren behealdean, Catalunya Caixaren sukurtsal ohi bat okupatu zuten duela bost urte. Tokia hutsik zegoen, eta harrezkero gune sozial bihurtu dute, errealitatearekiko desafioa dirudien izena ipinita: Banc Expropiat, desjabetutako bankua. Doako arropa eta liburu denda bat zabaldu zuten bertan; eta egunero ikastaroak eskaintzen hasi ziren, baita euskarakoak ere.

Kanpotik, bankuak ez zion oso ondo ematen auzoko giro geroz eta modernoagoari; hipsterismoa eta hippiekeria zarpaila bereizten dakien edonor ohartuko zen horretaz. Inguruan geroz eta gutxiago sumatzen zen zerbaiten azken arrastoa zirudien.

Urtarrilean udalak alokairua ordaintzeari utzi zion, eta herenegun hutsarazi zuten bankua, «pribatuen arteko afera» zela argudiatuta. Auziak auzoa piztu zuen, eta plazak sutan bukatu zuen. Mossoek hamabost lagun zauritu zituzten foamezko jaurtigaiekin. Pribatua, diote; baina aspaldian ez da egon horren afera publikorik auzoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.