garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Neurria

2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ikastolako neska asko, tuntun ikaragarriak ez ezik, super txoriburuak ere badira, nire alaben tropelak duen mundu ikuskera kontuan hartuz gero betiere. Mutilak, berriz, bakar bat onik ez eta hiper nazkanteak, alimaleko astakeriatan korapilatuta sarri. Mega baboak halakoak. Ui, eta irakasleak, horienak bai neurriak…

Nerabezaro goiztiarrak hartu dituela esan nezake, adin tarte horretan adjektibo orok behar duela handitzailea aurretik, nolakotasunek bere soilean aski baliorik ez duelako sortu zaigun talka adierazteko, estutasun horretatik pasa ginenok ondotxo dakigunez. Baina beren bizitza laburrean —eta batik bat nire erruz—, zenbat super/hiper merkatu, maxieroski, megadenda eta merkataritza zentro erraldoi ezagutu dituzten kontatu beharko nuke lehenago. Neurriz gaindiko zenbat azpiegitura, ekintza, borroka, haserre, adar-jotze, lehia eta makurkeria ikusten dugun egunero, kalean nahiz mota guztietako pantailetan, tamainak eta kantitateak hain fermuki lehenesteko. Zer ikusi hura ikasi.

Handikeriaren kulturan gaitzak ere hala modukoak. Hiper aktibitatea, hiper sentsibilitatea, Truman Show sindromea… Eta zertarako. Espezie bezala gero eta suntsitzaileago izateko, eta norbanako bezala inoiz baino inurriago eta ezdeusago sentitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.