Ez du atertzen eta zubi ondorengo astearte buruzuria da. Abailduta doa Maite, lantokira. Maiteren abaildurak, ordea, ez du zerikusirik giro gordinarekin eta lanarekin; bezperakoarekin du lotura. Semearen eskolako lagunen gurasoekin jositako kuadrilla berriarekin Durangoko Azokan izan baita, aurrenekoz. Saiatu da izkin egiten, baina semearen temak Durangora eraman du.
Deseroso ibili da Maite azokan: aspaldi-aspaldi da ez duela libururik irakurri, ez du akorduan noiz erosi zuen bat azkeneko aldiz. Eta ikusi ditu beste gurasoak liburuak eskuetan hartzen, hartan trebatutako hatzez orriak aletzen, eta elkarri iruzkinak egiten. «Begira, begira, Atxaga!», esan dio gurasoetako batek bi gizon seinalatuz. «A, bai!», erantzun dio berak miresmen ahots beraz. Ez daki, ordea, ezkerrekoaz edo eskuinekoaz ari den. Funtsean, tuntun, ezjakin eta ezgauza sentitu da , besteen azpitik, eskolan irakasleek «ikasteko» ez zuela balio errepikatzen ziotenean bezala.
Eta halaxe doa lantokira, zaharrentzako egoitza batera, tuntuna, ezjakina eta ezgauza dela pentsatzen. Halaxe sartu da Tomaxen gelara. Hark ahots biziz agurtu du, bat-batean alzheimerraren lainotik suspertu balitz bezala. Izan ere, senide guztiek aipatzen dute, Maitek zera berezi bat duela zaharrak ongi sentiarazteko, oro har, jendea zaintzeko. Horri, ordea, ez zaio jakituria esaten.
BIRA
Jakituria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu