Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Balearenak

2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Balearenak hurbiletik jarraitu dituela kontatu dit lagun batek. Sekulako zirrara eragin ei zion albisteak: balea bat jauzika Hendaia eta Hondarribiaren inguruetan. Handiagoa Mutrikun ere bistaratu zutela aditzeak. Irrati-pantailetara itsatsita ibili omen da balea gosez; aspaldiko partez egunkariren bat erosi ei du balea bila. Ondorioz, ikasi du balea konkorduna, xibarta edo Megaptera novaengliae-a zela; ez dela ohikoa Bizkaiko golkoan halakorik ikustea; 15 metro gainditzera iristen direla, eta aparteko jauziak egiten dituztela. Halaber, jakin du adituek zalantza dutela Bidasoa-Txingudin eta Mutrikun ikusitakoa balea bera ote den edo espezie bereko bi kide.

Lagunak esan dit inoiz ez duela txera berezirik izan itsasoarekiko eta itsas animaliekiko; txikitan aspertu egiten zela Cousteauren dokumentalak ikusten. Baina mundua egunetik egunera ustelago, bidegabeago, zitalago, ankerrago zaion garai honetan lasaitu handia eman diola sentitzeak nola naturaren indarra oraindik gai den gugandik hain hurbil erraldoitzarrak airean jauzika jartzeko, jende suntsitzaileok ez bagina bezala.

Azken xehetasunek lilura hautsi ei diote, ordea: adituek diote litekeena dela ohiko migrazio bidea aldatu dutelako agertzea xibartak gure kostan. Jendeon esku beltza usnatu du lagunak, ezinbestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.