Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Han

2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Honezkero aipatu ditugu ebolarenak, lantokian, igogailuan, gimnasioan, parkean, lokalean, Facebooken, Twitterren. Geure onetik aterata, arrazoi osoz salatu dugu Espainiako Gobernuaren gaitasunik eza. Gogotik larrutu dugu Ana Mato ministroa. Are, azpimarratu dugu gobernutik haratago Espainiaren beraren lardaskeriarakojoera; Afrika Pirinioetan hasten dela aldarrikatu, erdeinuz. Itaundu dugu zer gehiago behar dugun independentzia gutiziatzeko. Nabarmendu dugu, lotsaz, munduko hedabide guztiek titulu nagusietan eman dutela.

Eta zerrendatu ditugu gaitzari buruzko ezagutzak: saguzarretan duela sorburua, kutsatzeko zuzeneko harremana behar dela gaixoen gorputz jariakinekin, eta heriotzarainoko odol isuriak eragiten dituela bigarren fasean.

Eta dagoeneko hasi gara pentsatzen ziurrenera osasun arduradunek diotena baino kutsakorragoa dela, eta, akaso airez ere garraiatzen dela. Eta ekin diogu, badaezpada, babes neurri bereziak hartzeari: tabernetako edalontziei errezeloz begiratzeari edota metro zein busetan inor ez ukitzeko akrobaziak biderkatzeari, bereziki beltzik bada. Hasi gara apokaliptiko jartzen. Europara iritsi da ebola! Hemen da!

Sierra Leonan edota Liberian, berriz, milaka umezurtz dabiltza alderrai aspalditxoan, kale bazterretan beren okadetan itota bakardade erabatekoan hiltzen. Han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.