Samara Velte.
BIRA

Kea

2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoan ados jarri dira EH Bildu eta Podemos, Zubietako erraustegiaren ondorioak aztertuko dituen batzorde bat eskatzeko. Pozgarria da, badirudielako behingoz gaiari buruzko iritziak nagusitzen ari direla, eta ez izenei buruzkoak. Gehiegitan ematen baitu gauzek egiten dituztenen izenak hartzen dituztela: horrela lortu dugu azken urteotan inoiz baino gehiago hitz egitea zaborren kudeaketaz, eta inoiz baino desinformatuago amaitzea. Eztabaidaren batez besteko maila ez zegoen inoiz benetako arazoan, eta arazoa beti zegoen izenetan, izuetan eta usteetan. Keaz ari ginen, baina benetako kea ikusi gabe.

Beharbada horregatik ez genuen asmatzen auzia Gipuzkoatik kanpora azaltzen, «zer demontre gertatzen da atez atekoarekin?» galdetzen zigutenean: ez zutelako galdetzen «zer demontre gertatzen da erraustegiarekin?», eta guk geuk ere, ziurrenik, ez genekielako zehazki zer gertatzen zen. Hala, izenez eztabaidatzen genuen bitartean, paperean geratu dira urte gutxi barru zaborrarekin batera errauts artean geratuko diren sinadurak, eta egunen batean, enpresa baten izena daraman fabrika bati begira gaudenean, ez dugu jakingo nork keztu zuen gure airea, baina guztiok gogoratuko gara zeinen autoritarioa izan zen hondakinak bereiztera behartu gintuen beste hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.