Aitonaren kontuekin bizi izan genituen beldurraren aurreneko kitzikak: aipatzen zituen negu giroko gau beltza, argindarrik gabeko kale zokoak, baratzeetatik ostutako kalabazak, hustu eta barnean kandela jarrita itzal-irudi ikaragarrienen proiektore. Arimen gaua omen. Eta jarraitzen zuen esanez gau horretan hildakoak pizten zirela, eta kalejiran ibiltzen zirela kanposantuan. Bihotza eztarri parean genuela aditzen genuen.
Gerora, ipuin inozentetzat jo genituen aitonaren kalabaza eta hilerriko biribilketak. Zonbi, banpiro, exorzista eta motozerradun hiltzaileak behar genituen, odola eta erraiak. Halloween, berriz, telefilmetako kontu bat iruditzen zitzaigun, bloodymary-ak edaten zituzten amak exekutiboak bezain urruna.
Plastikozko kalabazaz eta mozorro distiratsuz betetako hipermerkatuen zaparrada etorri zenean, trick-or-treat-en oihartzun espainiartu edo frantsestuak etxepen aditzean, mespretxuz jantzi eta erabaki genuen ez ginela merkantilismo yanki-zko jai horretan amilduko.
Alabak, ordea, Halloween eskatu du. Eta beti kontrakarrean haztea nekosoegia denez, amore eman dugu. Gure kontsolamendurako argi utzi diogu ospatuko duguna ez dela Halloween, Arimen Gaua edo Gau Beltza baizik; aspaldiko ohitura dela gurean. Argiagoa izan da erantzuna: gurea izango dela arimen hori, berea Halloween dela.
BIRA
Gurea/berea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu