Parisko gau beltzaren ostean, polizi kontrolez gotortuta argitu zuen egunak Hendaia aldean. Giro epel eguzkitsuak, aldiz, ohikora ekarri zuen igandea, mugetako zaintza armatuak alde batera utzita, parametro harrigarriki normaletara: surflariak ur hegalean barra-barra, familiak hondartzan luze, kirolariak korrika, emakume ibiltariak pauso arinean, txirrindulariak bidegorrian, maitaleak ortzi-mugari begira, ezustean tupust egindako ezagunak berriketa ozenean espaloi zabalean oztopoan jarrita, supermerkatua eta txurro-denda zabalik, haur koskortu bat garrasika amari izozki eske, eskeitak ziraldoka, elbarriak aulkitan, patinatzaileak, txakur jabeak, bisitariak, bertakoak, denak paseoan, eta inortxok ere ez, nire belarriek hartzen zuten erradioan behintzat, hilketak, tiroketak eta leherketak ahotan.
Agintari nagusienen hitzak nola hartu dituzten galdegingo niekeen gustura, ezarriko dituzten neurriek eta dagoeneko indarrean daudenek zer efektu egin dieten, ados ote dauden, ala, nik bezala, korapilo honek hartu duen dimentsioak txundituta jarraitzen ote duten; jabetzen ote diren segurtasunaren izenean gerraren atzetik dabiltzala, «min emanen digute, baina ez gaituzte garaituko», «geldiezinak izango gara», bakerako bidea proposatu beharrean.
BIRA
Estrategia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu