Bihar bezalako larunbat bat zen Hernanin. Neskaz osatutako kuadrilla gaztea tabernetan zebilen, sagardotegitik bueltan. Kanpoan giro txarra, eta festazale guztiak barrualdean pilatuta, mozkorrei erortzeko arriskurik ere uzten ez dien biztanle-dentsitate horrekin. Pazientziaz eta umorez hartu behar sarreratik barrara edo barratik komunerako bideak: okerrago egoten da jendea Biriatuko auto pilaketetan.
Tabernatik irteteko saialdi horietako batean, ordea, aurreko mutil kuadrilla ohi baino geldoago zihoala ohartu zen haietan aurrean zihoana. Are: morrosko haiek propio ari zirela bidea ixten. Harrotuta eta parrandaren aitzakian, euren kabuz erabaki zuten, nonbait, neska kuadrilla ez zela haien paretik igaroko. Ukondoak eta aurpegi txarrak atera behar tabernatik irteten uzteko, egun hartan aurpegi txarretarako inolako asmorik ez zeukaten arren.
Behin kalean, elkarri begiratu zioten neskek, eta aurrean zihoana harrituta ohartu zen euretako batzuk barrez ari zirela. Parrandaren ondo egon behar horretan, ez zioten euren buruari onartzen estutasunean deseroso eta erasotuta sentitu zirela, izuak lekurik ez baleuka bezala festa giroan. Noizbait, guztien artean, amorrua eta ezintasuna zintzoki partekatu ahal izatea desio izan zuen berak.
BIRA
Hernani
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu