Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Zerikusia

2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Jende jator eta probetxuzkoaren sailekoa da A: zintzo joaten da lanera, zintzo ordaintzen du hipoteka, eta abiadura gehiegizkoagatik jasotako isunen bat salbu, inoiz ez du arazorik izan lege, aginte eta boterearen inolako ordezkarirekin. Jende jator eta probetxuzko saldoarekin elkartzen da A soziedadean, beren bihotzeko futbol taldeak kanpoan jokatzen duen asteburuetan, partida, telebistaz, elkarrekin ikusteko.

Bihotzeko taldea gaizki jokatzen ari da. «Marikoi, txotxolo, gatzgabeak! Denak errekara!», oihukatu du Ak. Etsituta, egunkaria hartu du esku artean, eta hasi da orriak pasatzen. Estatu Islamikoaren izugarrikeriei buruzko erreportajea etorri zaio begien aurrera. «Kirtenak, erlijioagatik hala aritzea ere!», esan du marmarka.

Inguruan piztu den zurrunbiloak eraman du berriro ere arreta pantailan jartzera: epaileak penaltia agindu du bihotzeko taldearen aurka. «Kabroia, putasemea, maritxua, popatik hartzera, sutara, edo hobeto, txiki-txiki egin eta txerrientzako bazka!», esan du orroa bakarrean, arnasarik hartu gabe, barruak sutan.

Partida amaitu osteko tragoan Madrilgo istiluak izan dituzte hizpide, Deportivo-ren jarraitzaile baten hilketa. Gertakari horiek ez dutela futbolarekin zerikusirik aldarrikatu du Ak. Lagun jator eta probetxuzkoek arrazoia eman diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.