Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Izarretan

2014ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Liluratuta nauka Rosetta misioak: espaziontzia kometa baten orbitan jartzea gutxi balitz, orain Philae zunda bertara ainguratzea lortu dute. Zorabiatu egin naute zenbakiek: Lurretik 510 milioi kilometrora eraman da aurrera operazioa, Eguzkira bidean orduko 55.000 kilometrora doan kometa batean. Zirraratu naiz lortuko diren datuen garrantziarekin: harri filosofalaren heina dute uraren, bizitzaren jatorria argitzeko. Eta, oro har, hondorik gabeko amildegi beltza gurutzatzear sentitu naiz, gizateria osoarekin batera, jende izatearen iluntasunetik jainkozko argitara.

Baina batek daki zergatik, Mileva Maric-en oroitzapenak moztu dit Rosetta-ren lilura. Alegia, Albert Einstein handiaren aurreneko emazte izan zen andrearenak, zeinak zientzia baztertu behar izan zuen umeak hazteko —eta baita Einsteinen mespretxua jasan ere, neskamenaren baldintzak jarri baitzizkion elkarrekin bizitzen segitzeko—. Baina gero eta argiago ei dago Erlatibitatearen Teoriaren formulazioan Maric ezinbestekoa izan zela; edo, are, bera izan zela burmuin nagusia.

Eta bi zalantza piztu zaizkit supituki: nola litekeen zientziaren garapena izarren hauts jainkotiar hori ukitzera iristea, eta, aldiz, malariak txertorik ez izatea. Eta zientziaren kudeaketan Einsteinen semeen ordez Maricen alabak nagusitu balira bestelakoa ote litzatekeen erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.