garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Itzala

2015eko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dagoeneko jainkosa gurgarritzat ez badugu ere, Eguzkiari ez omen zaio inoiz zuzenean begiratu behar, ezta hamaika urtetik behin haren aurrean ilargia kokatuko denean ere. Baina garen bezalakoak gara, arauari entzungor eta gomendioari muzin eginzaleak senez, eta batzuen nolakotasun ekidinezina negoziorako molde izan ohi da diruari erne bizi denarentzat.

Eguraldi aurreikuspenek lainoa iragarri ziguten arren, erruz salduko ziren honezkero betaurreko bereziak, Europako Batzordearen zigilu ofiziala izanik, bekatua aseptikoki egitea ahalbidetuko diguten horiek. Euro eskas batzuk eta mutirikeria etsenplu. Merezi duelakoan.

Irabazpidea ez ezik, arazorik ere sortuko du eklipseak. Jo dezagun Alemaniara, han argindar produkzioak %7 egingo baitu beherantz, ilargiaren itzalak irauten duen bitartean. Zergatik? Hain zuzen ere, energia iturri berriztagarrien eta bereziki eguzki panelen alde egiteagatik. Galera berdindu behar izan gabe bilatuko ote dute pasa modua? Hala izango ez bada, energia nuklearra erosiko ote diote Frantziari? Biharamunak eman beharko digu erantzuna.

Bitartean, itzalak izutuko dituen animaliak eta energia fotovoltaikoa dira gaurko galtzaileak. Eta, eklipseak sabeleko mina ematen duela sinetsita, jan gabe egongo diren indiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.