Miren Amuriza.
BIRA

Haizearekiko

2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Txileko maputxeek jasaten duten indarkeriari buruzko erreportaje bat zekarren atzoko BERRIAk; XVI. mendean espainiarrak bertara iritsi zirenetik gaurdaino, indigenak erresistentzian egon direla esplikatzen zuena, besteak beste. Hara hor, amaren magaletik burutxoa agertzerako, haizea kontra eduki duen belaunaldi segida bat gehiago. Haizeak (ere) arrazaren, klasearen eta generoaren arabera egiten baitu putz: alde jotzen dienei, kilimak egiten dizkie belarri osteetan eta bultzadatxo diskretuak ematen bizkarrean; kontrakoei, ordea, aurpegia ilearekin estali eta aterkiak, babes-moduak, hondatu.

Haizearen kontrara jaio eta kontrakotasunari eusten dionari (herri maputxeari, adibidez), «borrokalari» esaten zaio. Haizearen kontrara jaio eta korrontearen aldeko noranzkora biratzen denari, «asimilatu». Haizearen alde jaio eta alde jarraitzen duenari, «hegemoniko» esaten zaio. Haizearen alde jaio eta korrontearen kontra biratzen denari, alegia, bere pribilegioei uko egiten dienari, «salbuespen». Haize mota hori ez baita fenomeno natural batzuen ondorioa, berezkoa, andraizea edo ipar-haizea bezala. Haize mota hori fenomeno politiko jakin batzuen ondorioa da, probokatua. Nondik (eta zergatik) jotzen duen jakitea bezain garrantzitsua da, beraz, norbera korrontearekiko zelan (eta zergatik) posizionatzen den pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.