Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Tortillarenak

2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Gasteizko patata tortillarenak bipolaritatera eraman nau: batetik, barrez lehertu naiz, jopuei jauntxoak ipurdi bistan ikusteak sorrarazten dien mendeku sentipen askatzaile beraz. Bestetik, sumindu egin naiz, herritar arduratsuen gisan, eta aldarrikatu dut nola litekeen halako eskasak izatea gure agintariak, munduko patata tortilla erraldoiaren Guinness marka lortzeko ezgauza. Are, salatu dut, herritarron baliabideen eta eskubideen arpilatze prozesu betean egonik, nola litekeen gure boteredunek guztion dirutik milaka euro ematea Ana Obregón eta Ramón Garcíaren ¿Qué apostamos? zoldatsu haren trazako proiektu batentzat —argibidea Bidasoaz iparrera: Espainiako telebista hutsal eta itsusiko saio hutsal eta itsusienetakoa izan da ¿Qué apostamos?—.

Gorago jo du, ordea, nire bipolaritateak, hurrena agintariekin barkabera jarri eta hurkoaregana bideratu baititut geziak: madarikatu ditut ustez munduko tortilla handienari begira adurra zeriela egon ziren gasteiztarrak, Michelin izarretan batez bestekotik gora gaudela harrotuta ospatzen duten lagun mileuristak, edota Donostian etxebizitza munduan garestienetako dela puztuta kontatzen dieten adiskide periferiara erbesteratuak. Eta tontorrera iritsi naiz: hain justu, munduko odolkirik onenak nire herrikoak direla aldarrikatzeak sortzen didan kilikaz oroitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.