HITZ BESTE
Laseferra
Usurbilen nenbilela, sindikalista ezagun batekin topo. Kexu zen, erakundeei hozkia ematen omen diete langileen auziek: «Leseferra praktikatzen ditek».Ez nion ulertu. «Leseferra, motel, paso egitea!». Horrela jakin nuen laissez faire zegoela leseferraren atzean. Eta, noski, asko gustatu zitzaidan ekarria. Gainera, Usurbilgo Puntapax kalean geunden, eta nola ez nintzen gogoratuko punta de Paris dagoela guk puntapaxa deitzen diogun iltze klasearen atzean? Kaleak eta ondoko zubiak zergatik ziren Puntapax galdetu nion. Auskalo, erantzun zidan sindikalistak, eta irribarre egin nuen neure baitarako, auskalok a buscarlo baitauka tripetan. Taberna batean sartu eta lukainka-muttur batzuk eskatu genituen basoerdi pare batekin, eta lukainka jateko apetitua premiazkoagoa baita haren izena latinetik datorrela jakitea baino, (lucanica modo: Lukaniako eran egindako hestebetea) laseferreraren kalteez segitu genuen hamaiketakoari grausk eta tturrut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu