Angel Erro.
JIRA

Korukoa

2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Hiru aldiz entzun dut J. S. Bachen Mateoren araberako Pasioa zuzenean, hiru auditoriotan, Bilbon, Iruñean eta Madrilen, hirutan Aste Santua hurbil zela eta hirutan hunkitu eta harritu naiz, aldi bakoitzean motibo ezberdin batez. Aurrenekoan solisten aria ederrek jo ninduten (Erbarme dich, Aus Liebe, Blute nur...). Bigarrenean ezustean harrapatu ninduten pertsonaien errezitatiboek, aurrekoan ariak iritsi bitarteko bidesaritzat hartutakoek (ebanjelistak, Pedrok Kristo hirutan ukatu ondoren, bitterlich negar egin zuela esaten duenean edo Jesusen aramerazko hitzak alemanera itzultzen dituenean, Jesusek lehenago erabilitako nota berberekin). Azkenengoan, joan den astean, ariak edo errezitatiboak preziatuta ere, koruaren parteek liluratu naute bereziki beren xalotasun protestantearekin. Haiek gogoan atera naiz aretotik. Korukoa izatearen ameskerian.

Neurri batean, pentsatu dut, koru batekoa naiz hemen idatzita. Ahots bat, ekarpen apalekoa, beste ahots askoren artean. Horrek dakarren lasaitasunarekin, egunen batean desafinatuz gero. Beti izanen da ondoan berdinduko zaituenik. Gaur korua utzi behar du Anjel abeskideak, solo ederrak egindakoak eta jendaurre honetan besteon ahuluneak estali dituenak urteetan maisuki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.