Ez dut ekarpenik eginen euskal sozialisten bideoak eragin duen haserre edo eztabaidan. Konformatu beharko zarete, azken finean —askok galdetzea maite duten bezala—, zer nahiago duzue zutabegile on bat ala euskalduna?
Esateko nituen guztiak, eta inoiz bururatuko ez zitzaizkidanak ere, bideoa zabaldu zutenetik hona ikusi ditut beste batzuen eskutik. @aranagoiri-k argi adierazi du, euskal sozialistak esanak esan, EAEko funtzionario guztiek badakitela gaztelaniaz, hots, bideo horrek aditzera ematen duen diskriminaziorik ez dagoela, Administrazioan lan egitea ez baita inolako eskubidea —nahiz eta askok horrela saldu nahi, lan publikoaren zer irudi duten seinale—, herritar guztiek harrera berdina izatea —esaterako, nork bere hizkuntzan—, berriz, bai.
Jose Miguel Nuin Nafarroako Ezker Batuko buruak erantzun dio horri, erdarazko nafarrerara ekarriz, eta esanez, besteak beste, Nafarroa ez dela elebiduna (gehienek ez baitakite euskaraz), ez dut aurkitzen nork esan bezala, diglosia eta elebitasuna nahastuta. Hedoi Etxartek eskaini dio bere burua ezkerrekotzat duen norbaiti pentsarazi beharko liokeen adibide erantzunezina: hiriko bus guztiek arrapala dute, ez %5ek, erabiltzaileen %95 elbarri izan ez arren.
JIRA
Adibidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu