Gaur egun esaten den moduan, gustura irakurri ohi ditut Santi Leonéren iritzi artikuluak, hots, hagitz onak iruditzen zaizkit. Dena uzten dut irakurtzeko, baita nireak idazteko lana ere. Zuzeu-n atera dioten azkenean Yolanda Barcinaren koherentziarik eza kritikatzen du, Iruñeko katedraleko Ama Birjinari (berriro!) eskatu baitio, otoitzez, lanik aurkitzen ez dutenen eta (kasu!) eri daudenen alde, osasun sistema publikoa lotsagarriki hondatzen ari den bitartean. Nafarroako Gobernua bere osotasunean poz handietarako ez badago, Osasun Sailarena antologikoa da. Parlamentuak ez dakit zenbat aldiz exijitu dio dimisioa eman dezan, Vera andreari pilatzen zaizkion eskandaluak direla eta; halere, presidenteak behin eta berriz babestu du dimisioa eman behar izatetik.
Koherentzia hitza bigarrenez leitu dut gaurkoan, baina kasu honetan Barcinaren beraren ahotan, Ruiz Gallardónena laudatzean. Ez dirudi oso koherentea bere etxean halakorik inolaz eginen ez lukeen norbaitengan.
Orain parlamentuak Nafarroako Gobernuak oraindik indarrean dagoen abortuaren legearen aurka Auzitegi Konstituzionalaren aurrean jarritako errekurtsoa (koherentziaz) kentzeko eskatu dio. Suposatzen dut koherentzia falta jarraikia koherentzia mota bat dela.
JIRA
Koherentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu