Galdera amarrutsuen rankingean ez lehen postuan, baina bai oso goian, dut azken egunotan hedabideetako eztabaida kutsatuetan maiz aditu ahal izan dugun galdera behin betiko asmokoa, ea nor nahiago genukeen estatuburu, Aznar ala Felipe VI.a, beste aukerarik ez bailegoen (Anguita bat edo politikatik kanpo ibilitako norbait agurgarria, Ana María Matute zendu berria edo Benito Lertxundi bera). Horrelako galderek ez dute erantzunik eskatzen, ez estimatzen. Hala balitz, erantzun posible bat «epaitu daitekeen norbait nahi dut (edozein estatuko) estatuburu» litzateke.
Sarkozy deklaratzera deitu dute, ustezko influentzia trafiko auzi batean, eta atxilo gelditu behin-behinean. Nire gogotik urrun Frantzia ezeren eredutzat jotzea, baina argi dago honek kalte gutxiago dakarkio estatuari, estatuburu ohia izateagatik betirako immunitate zorneduna eskuratzeak baino, orain bost egun, Madrilen gertatu bezala.
Gainera ez dadila inor engaina, errege ohiak izan ditzakeen aitatasun aitortzak, ageriko sekretua eta inor kezkatzen ez duena, ke laino moduan erabili dituzte, baina auzi konprometigarriagoak omen ditu ate-joka; diotenez, Diego Torresek epailearen aurrean zikindu du JotaKa; diotenez, Castro epaileak…
JIRA
Amarrua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu