Angel Erro.
JIRA

Aporofobia

2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ez da egia izena ez duenak izanik ez duelakoa. Azkenaldian hitz bat hasi da entzuten, neologismo bat, Adela Cortina filosofoak asmatu omen duena, egon badauden bazterketa mota askoren funts eta oinarri, antza, deskubritu berria: Aporofobia. Txiroari edo txirotasunari izaten zaion herra egoten da arrazismoaren oinarrian (nola frogatzen baitu auzoko nahi izaten ez den arraza bereko aberatsei zer nolako harrera egiten diegun). Aurrekoa izaten da adibiderik behinena, baina, pentsatzen hasita, aporofobiaren aztarnak egon daitezke gure gustu estetiko, gure hautu politiko -edo linguistiko- eta batek daki gure zenbat gauzaren atzean, haiek justifikatzeko bide bihurriagoak bilatzen ditugun arren. Hau ez da atzo goizeko kontua -ez da egia izena ez duenak izanik ez duelakoa-, baina orain grezierazko sustraidun izen eratorria edukitzeak jakitunago izaten lagunduko digulako itxaropenaz errepikatzen dugu hitza.

Ez zuen, guk baino greziera gehiago jakin lezakeen arren, aporofobia hitzaren beharrik izan, Ponpeiako horma batean, hainbeste mende iraunen lukeela susmatu gabe, honako grafiti hau idatzi zuenak: «Behartsuak gorroto ditut. Ergela behar du ezerezen truke zerbait nahi duenak. Ordaindu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.