Zientziek ikaragarri egiten dute aurrera (eta, nahitara, atzera).Esaterako, lifting genetiko bat egin berri digute eta bizpahiru milurtekoz gaztetu gaitu euskaldunok —plural inklusiboa erretorikoa da, nire euskalduntasuna ongi datatuta baitago eta inoiz ez da ez paleolitikoa ez neolitikoaizan—.
Batzuek, El Paíseko kazetariak, kasu, pozez zabaldu du notizia, antzinatasuna galtzeak zilegitasunaren galera ere balekar bezala. Suposatzen dut, kontrara, euskaldunen baten bat arrazoi berberagatik penatuko zela eta, Atapuercakoak proto-mina egin ez diezagun eta bertako nekazariekiko harreman genetikoa eramangarriago egiteko, tokiko izenari jatorri elebiduna bilatzen ariko dela: Ata-puerta, huraxe izanen baizen euskal eremuaren muga.
Baina aspaldian dakigu Zientziak ez digula zilegitasunik ematen ez kentzen. Historiak ere ez. Erraza da nahasten, izen berbera erabiltzen baita, baina berri honek ez du gutaz deus esaten. Antzinateko migrazioaldiak, nondik norakoak, noizkoak eta abar zehazteak zientzialarientzat baino ez du baliagarritasuna. Horretarako, arraza bezalako konstrukto bat osatzen dute, edo euskaldunak bezalako beste bat, gu biokin eta ezagutzen ditugun euskaldun guztiekin zerikusirik gabea.
JIRA
Atapuerca
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu