Nire lagun Felixek abisatu zidan eta nik kasurik ez. «Kontuz hire BERRIAko ikerketa sail ospetsu horrekin. Hik sortu huen, bai, baina ihes egin dik eskuetatik. Munstro bat duk eta, gutxien espero duanean, hi heu zelatatuko haute...».
Ohi bezala, Felixek arrazoi.
Bai, ene lagunok, joan den astean hemen argitaratutako guztia egia da. Duela hamar urte Deabruarekin berarekin hitzartu nuen ostegunero txoko honetan idazteko aukera. Nik bizitza osorako kontratua nahi nuen, baina, trukean arima eskatu zidanean, gehiegi iruditu zitzaidan eta pipa bat saldu nion. Hasieran tratu ona iruditu zitzaidan.
Bai, badakit: idazle gisa auskalo, baina negozioetan ez daukat batere etorkizunik.
Ilunpeetako Jaunarekin negoziatu nuen, bai. Jakin banekien jukutria hura ez zegoela ondo, ez zela batere itxurosoa, baina aurrera egin nuen. Ez nago harro baina ez naiz damu. Izan ere, pribilegioa izan baita gure egunkarian 10 urtez idaztea. Pribilegio itzela.
Mila esker bihotz-bihotzez.
Ziur naiz aitorpen honek ondorio txarrak ekarriko dizkidala etorkizunean. Eta ziur naiz, halaber, gaiztoak aitorpen honetaz baliatuko direla ahalik eta minik handiena egiteko. Horrexegatik dimisioa ematea erabaki dut.
Dimisioa. Atzeraezina eta baldintzarik gabekoa.
Ondo bidean, Lizarrustihistango basoetan erbesteratuko naiz. Han aurkituko nauzue, pipa ahoan, garagardoa eskuan, patxada ederrean.
Ez kezkatu nitaz. Ez naiz espainiarra; dimisioa eman dezaket.
Maratila
Dimisioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu