Aurki, euskaltegietako ikasleok HABEren azterketa idatziari egin beharko diozue aurre eta, urtero bezala, hemen naukazue, laguntzeko prest. Badakit zuetako askok edozer egingo zenuketela idazlanetarako gaiak zeintzuk izango diren jakitearren, baina horretan ezin dizuet lagundu. Ez daukat ideiarik ere eta, izango banu ere, badakizue ez dudala eroskeriarik onartzen. Haatik, nago nire aholkuak lagungarriak gertatuko zaizkizuela.
Lehenik eta behin, jakin ezazu aztertzaileei bost axola zaiela zure iritzia. Demagun Kakatuaren ugalketa duzula idazgai eta aztertzaileek iritzia eskatu dizutela. Hori eskatu dute, bai, baina benetan ez zaie piperrik ere inporta. Soilik jakin nahi dute ea iritzi bat idatziz azaltzeko gai zaren ala ez. Iritzia zurea edo Maria Sortzez Garbiarena den, bost. Komeni da hori argi edukitzea, batik bat, gai zehatz bati buruz zer esan ez badakizu. Pentsa ezazu zer esango ote luketen zure gurasoek, bikotekideak, Basagoitik, edo Aita Santuak berak.
Bigarren aholkua are erradikalagoa da. Behin zure iritzia ez zaiola inori axola argi edukita, izan zaitez erradikala. Alde bazaude, oso alde. Kontra bazaude, oso kontra. Zure tokian banengo, nik Sarkozyren ereduari erreparatuko nioke. Edo Raxoirenari. Edo, bestela, Merkelenari. Haiei ere bost axola zaie gure iritzia, bai, baina euren diskurtsoak —ahoz zein idatziz— argiak, zehatzak eta erradikalak dira.
Teknika aldetik, bikainak.
Ia eredugarriak…
Maratila
Erradikalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu