Alabak konbentzituko ditugu ez dezaten printzesa mozorrorik jantzi eskolako festan. Irakasleek ere laster egingo dute balantze kezkagarria: «Ene, hau da hau! Aurten ere gelako bost neska printzesa jantzita!». Eta mespretxua isuriko zaigu printzesa ahoskatzerakoan, izaterik hutsalenaren gorpuztea baita. Baina barregarria irudituko zaigu gelako 9 mutikoetatik 7 Spiderman jantzita etortzea, eta elkar egurtzen ibiltzea: «Hain dira mutikoak!», harrotuko gara. Halaber, txalotu egingo dugu Spidermanez edo futbolariz mozorrotu den neskatoa: nortasun handikoa dela iritziko diogu. Ama maitagarriz jantzita etorri den mutikoa ere babestuko dugu; hau da, egurrean ari zaizkion spidermantxo saldoari esango diogu besteak errespetatu egin behar direla. Baina gure baitan pentsatuko dugu mutil horrek arazo bat duela.
Problema emakumeengan, edo, zehatzago, feminitatean, ezartzen baitugu. Maskulinitate hegemonikoa, aldiz, indarkeriaren ohoratzaile izan arren, bizitzarako eta jendarterako tresna eztabaidaezinen aldarean gurtzen.
Eta bihar xingola ubela jantziko dugu, eta harritu egingo gara berriz, oraindik orain, hainbeste kanpaina eta ekimenen ondoren, hala ere, ez delako apaltzen andrazkoen kontrako bortxa, edo, beste era batera esanda, agresibitatez jokatzen duten gizonezkoen kopurua.
Bira
Problema
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu