Sanchezek eten egin du bere agenda politikoa, emaztearen eta bere aurkako «erasoen» harira

Madrilgo auzitegi batek zigor auzibide bat ireki du Sanchezen emaztearen aurka, «ustelkeria eta influentzia trafikoa» egotzita. Sanchezek esan du «hausnartu» egin behar duela presidente karguari eustea «merezi duen».

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, artxiboko argazki batean, Espainiako Diputatuen Kongresuan. J.P. GANDUL / EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidentea, artxiboko argazki batean, Espainiako Diputatuen Kongresuan. J.P. GANDUL / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 24a
19:55
Entzun

Ezustean iritsi da albistea. X sare sozialean zabaldutako gutun baten bidez, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri du behin-behinean bertan behera utziko duela bere agenda politikoa, egunotan emazteak eta berak jasandako «erasoen» harira. Erasotzat jo du, hain zuzen, Madrilgo 41. Zenbakiko Auzitegiak haren emaztearen aurkako zigor auzibide bat irekitzea erabaki izana, «ustelkeria eta influentzia trafikoa» egotzita, Koldo kasuarekin lotuta.

Sanchezek jakinarazi duenez, eskuin muturreko Manos Limpias taldeak jarri zuen Begoña Gomezen —presidentearen emaztearen— aurkako salaketa. Gutunean, Espainiako presidenteak birritan aipatzen du «erabat faltsuak eta oinarririk gabekoak» direla Gomezi egotzitako delitu guztiak. Halere, esan du «Justiziarekin elkarlanean» arituko dela afera argitu arte.

Madrilgo auzitegi horrek gaur eman du Gomezen aurkako zigor auzibide bat irekitzeko erabakiaren berri. Baina, Sanchezen arabera, duela zenbait hilabete hasi ziren haren eta emaztearen aurkako «erasoak». Eta horien jakitun eta konplize izatea leporatu die PPko buru Alberto Nuñez Feijoo eta Voxeko Santiago Abascali; are gehiago, gutunean salatu duenez, Feijook aurkeztu zuen Gomezen aurkako salaketa Interes Gatazken Bulegoan, eta Sanchezi bost eta hamar urte bitarteko inhabilitazioa ezartzeko eskatu.

AGERTOKI POSIBLEAK

 

Konfiantza mozio batera deitzea.

 Pedro Sanchezen kudeaketari buruzko eztabaida bat edukiko lukete Kongresuan, eta bozketa egingo lukete ondoren. Gehiengoa sinplea lortzea nahiko litzateke onartzeko.

Dimisioa ematea eta presidentetza beste pertsona baten esku uztea.
Dimisioa eman ondoren, Sanchezek izendatutako pertsona horrek behin-behinean jardungo luke. Paraleloki, Espainiako erregeak bilera sorta bat hasiko luke, Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin, eta, ondoren, presidentegai bat aukeratuko luke, inbestidurarako aurkezteko. Behin inbestidurako lehen saiakera eginda presidentegaiak ez badu nahikoa babes biltzen, bi hilabeteko epea edukiko lukete presidente bat izendatzeko. Epe horretan presidenterik izendatzen ez badute, automatikoki hauteskundeetara deituko lukete.

Dimisioa ematea eta hauteskundeetara deitzea.
PSOEko liderrak astelehenean iragartzen badu ez duela gobernuburu izaten jarraituko, une horretan bertan ezingo luke hauteskundeetara deitu. Izan ere, Espainiako Konstituzioren 115. artikuluak jasotzen duenez, Espainiako Gorteak ezin dira berriro desegin azken aldiz desegin zirenetik urtebete igaro arte; eta aintzat hartu behar da iazko maiatzaren 29an desegin zituztela azken aldiz. Hortaz, ezingo lukete atzera bozetara deitu maiatzaren 30era arte.

Aurrera jarraitzea.

Baliteke Sanchezek jakinaraztea presidentetzan segitzea erabaki duela.

Sanchezek uste du berak ordezkatzen duen horren kontrako «azpijoko bat» dagoela salaketaren atzean; eta, hain justu, «horregatik» egin dutela emaztearen aurka. «Eskuinak eta eskuin muturrak ez zuten onartu [joan den uztailaren 23ko] bozen emaitza. Ohartu ziren eraso politikoa ez zela nahikoa izango, eta orain marra pasatu dute, eta gobernuko presidente baten bizi pertsonalari eta haren senideei egin diete eraso», dio gutunean.

Horiek hala, «gelditu eta hausnartu» beharra duela esan du. Hain zuzen, hausnartu nahi du «merezi duen» gobernuko presidente karguari eustea, edo «ohore handi horri» uko egitea ote den bidea. Oraingoz, bere agenda politikoa eten du behin-behinean, eta datorren astelehenean, hilaren 29an, egingo du prentsaurrekoa. Orduan iragarriko du zer erabaki duen.

Eskuinaren erantzuna

Bolo-bolo zabaldu da Sanchezen mezua, eta, halaber, berehala iritsi dira lehen erreakzioak. PPko kide Javier Maroto izan da horren inguruan zerbait esaten lehena, eta, haren arabera, Sanchezek iragarritakoa «hauteskundeen aurreko kanpaina bat baino ez da». Hauxe idatzi du X sare sozialean: «[Sanchezek] Moncloan jarraitu nahi du, noski. Kosta ahala kosta, eta edozeren truke. Hori da Pedro Sanchez marka. Guztiok egiaztatuko dugu astelehenean».

Segidan, azalpen gehiago eman ditzala eskatu dio PPk Sanchezi, alderdiak X sare sozialean duen kontuaren bitartez. «Haren arazoa ez da soilik politikoa, judiziala da, eta gure herrialdearen nazioarteko irudia zikintzen duen atal baten protagonista da», dio Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak, X-n zabaldutako bideoan.

Voxek, halaber, prentsa ohar bat kaleratu du. Marotoren bide beretik jo du alderdi ultraeskuindarrak: «Gobernuko presidentearen beste biktimizazio bat da hau». Are, zuzenean mintzatu zaizkio Sanchezi: «Hausnartu nahi badu, hausnartu dezala, baina dimisioa eman ondoren».

PSOEko alderdikideek, eta Podemoseko, Sumarreko eta ERC Esquerra Republicanako kideek, berriz, elkartasun mezu andana helarazi diote Sanchezi. Besteak beste, hauxe esan du Francina Armengol Espainiako Diputatuen Kongresuko presidenteak: «Politika ogibidetzat dugunok serioski hausnartu behar dugu erakundeak, eztabaidak eta liskarrak hartzen ari diren norabidearen inguruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.