RN Batasun Nazionala nagusitu da Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian

Zundaketen arabera, eskuin muturreko alderdiak botoen %33,5 lortu ditu. Bigarren sailkatu da ezkerreko alderdien koalizioa (%28), eta hirugarren Macronen bueltako aliantza (%20,7). Bigarren itzulian ultren kontra egitera deitu dute.

Jordan Bardella RN Batasun Nazionalaren presidentea, gaur, bozen ondorengo agerraldia hasi aurretik. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Jordan Bardella RN Batasun Nazionalaren presidentea, gaur, bozen ondorengo agerraldia hasi aurretik. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Igor Susaeta.
2024ko ekainaren 30a
20:00
Entzun

RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia nagusitu da Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, botoen %33,5 lortuta. Bigarren sailkatu da NFP Fronte Popular Berria ezkerreko alderdien aliantza (%28), eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoen Ensemble koalizioa izan da hirugarren (%20,7). Gutxi-asko, hortaz, inkestek iragarritakoa bete da. Datorren igandean, uztailaren 7an, egingo dute bigarren itzulia, eta, modu batean edo bestean adierazita, baina ultren kontra bat egitera deitu dute Macronek eta NFPk.

Ifop etxeak gaur hauteslekuetan egindako zundaketaren emaitzak dira kaleratutakoak. Parte hartzea %65 ingurukoa izango da: Asanblearako hauteskunde batzuen lehen itzuliko handiena, 1997az geroztik. Ia 20 puntu igoko da, hortaz, 2022ko bozetako datuekin alderatuta. Orduan %47koa izan zen.

Eta emaitza horiek eskuan, bigarren itzulira begira RNren aurkako «bat egite demokratiko eta errepublikano bat» osatzeko deia egin du herrialdeko presidenteak, ohar batean. «Lehen itzuliko parte hartze handiak erakusten du zein garrantzitsua izango den hurrengo bozketa gure aberrikideentzat, baita egoera politikoa argitzeko nahi bat ere badagoela». 577 diputatu daude jokoan, eta ez dirudi RNk 289 lortuko dituenik gehiengo osoa edukitzeko. Proiekzioen arabera, 255 eta 295 artean lortuko ditu; ezkerreko koalizioak 120 eta 140 artean; Macronen koalizioak 90 eta 125 artean; eta LR Errepublikanoek 35 eta 45 artean. Edizio hau ixterako orduan, emaitza ofizialak eman gabe zeuden.

Ensemblek komunikatu bat kaleratu du, iragarpen bat eginez: eskatuko die barrutietan hirugarren geratu diren bere diputatugaiei hautagaitzarik ez aurkezteko bigarren itzulian, «Batasun Nazionalari garaitzeko hautagaien mesedetan». Eskuin muturraren garaipenaren «mehatxuaren aurrean», gainontzeko alderdiak «arduraz» jokatzera deitu ditu. Eta Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko liderrak —NFPko alderdietako bat da— antzeko iragarpen bat egin du, hauteslekuak itxi ondorengo agerraldi batean: haiek ere, eskuin muturrari aurre egiteko intentzioarekin, hirugarren geratu diren barruetietan ez dute hautagaitzarik aurkeztuko bigarren itzulian. «Boto bakar bat gehiago ere ez Batasun Nazionalari. Gure aginduak argiak eta sinpleak dira». Pozik agertu da parte hartzeak modu esanguratsu batean egin duelako gora, eta «posizionatzera» deitu du. «Errepublika dago jokoan, elkarrekin bizitzeko dugun modua». Gabriel Attal lehen ministroak ohartarazi du, agerraldi batean, gaur «lezio bat» ikasi dutela: «Eskuin muturra boterearen atarian dago».

(ID_14032334) FRANCE ELECTIONS
Melenchon, gaur, NFP koalizioko beste kide batzuk atzean dituela. MOHAMMED BADRA

Dena den, horren guztiaren harira, ñabardura bat planteatu du azken bi urteetan Asanbleko presidente izandakoak, Ensembleko Yäel Braun-Pivetek. TF1 telebista katean eskatu du bigarren itzulian «hautagai errepublikanoenari» ematea botoa, baztertuz ezkerreko aliantzako zenbait hautagai. LFI Frantzia Intsumisoak, PS Alderdi Sozialistak, EELV Europa Ekologia-Berdeek eta PCF Frantziako Alderdi Komunistak adostu dute koalizioa —2022an NUPES izenpean aurkeztu ziren—, eta, haren esanetan, «denak ezin dira zaku berean sartu». LFIko hautagai batzuk kritikatu ditu, «iruzkin antisemitak» egitea egotzita.

Marine Le Pen RNren presidente izandakoak (2011-2021) hitza hartu du alderdiak Henin-Beaumonten egindako ekitaldi batean, eta nabarmendu du gaurko bozetan «demokrazia» mintzatu dela, eta herritarrek «zalantzarako tarterik gabe» erakutsi dutela beren nahi dela atzean uztea Macronen zazpi urteko «agintaldi erdeinuzkoa eta erregarria». Herritarrei eskatu die gehiengo osoa behar dutela Jordan Bardella alderdiaren presidentea lehen ministro izan dadin. Izan ere, Bardellak kanpainan esan du lehen ministro izateari uko egingo diola gehiengo osoa lortzen ez badu.

Bardellak berak ere hitz egin du ekitaldi horretan, eta beren bozkatzaileei «mobilizatuta» jarrai dezatela eskatu die. «V. Errepublikaren bozketa garrantzitsuenaren aurrean gaude». Iruditzen zaio bi aukeren artean aukeratu beharko dutela datorren igandean ere bozkatzera deituta egon diren 49 milioi frantziarrek: RNren eta NFPren artean. «Eta Fronte Popular Berria da okerrenek osatutako aliantza, Jean-Luc Melenchon denen buru dela. Haiek hondamendira eramango lukete herrialdea, matxinadara eta desordenera. Bestetik, Batasun Nazionala dago, zeina zuzentzeko ohorea dudan, Marine Le Penerekin, Eric Ciottirekin eta beste aliatuekin batera».

Laugarren izan dira LR Errepublikanoak eskuinekoak, botoen %10 inguru bilduta. Alderdi horretako europarlamentari François-Xavier Bellamyk esan du, TF1 telebista katean, bere bozkatzaileei ez dietela esango botoa nori eman bigarren itzulian. «Fedea dugu frantziarren kontzientzian». Hori bai, azpimarratu du «ezker muturra» dela Frantziari «mehatxu» egiten dion «arriskua». Ezker-muturra deitu dio NFP aliantzari.

Arrazoiak

Europako Parlamenturako hauteskundeen gauean, joan den ekainaren 9an, aurreratu zituen bozak estatuburuak, ikusi ondoren RNk emaitza onak lortu zituela (botoen %32), eta bere aldeko aliantzak, aldiz, txarrak (%15). «Ezin dut jokatu ezer gertatuko ez balitz bezala», argudiatu zuen, orduan, estatuburuak. Eskuin muturra boterera irits ez dadin, «balio errepublikanoak» defendatzera deitu du kanpainan.

Berez, 2027ra arte iraun behar zuen legegintzaldiak, baina kontuan hartu behar da, era berean, Macronen koalizioak ez duela gehiengo osorik eduki Asanblean azkeneko bi urteotan, eta kostata lortu duela ekimen legegileak aurrera ateratzea. Batzuetan, ultren beraien babesarekin izan da; esate baterako, iazko abenduan, Immigrazio Legea onartu zutenean. Bestela, konstituzioaren 49.3 artikulua erabili du, zeinak ahalbidetzen duen legeak dekretuz onartzea. Hori egin zuen, adibidez, erretreten erreformarekin, iazko irailean. Horrek haserrea eragin du.

Ikusitakoak ikusita, zaila dirudi inork gehiengo osoa lortzea behin bigarren itzulia egin ondoren. Gainera, alderdiak ez daude ohituta koalizioetara, azkeneko legegintzaldian ikusi moduan. Orduan, aukera bat litzateke behe ganbera desegitea berriro, baina konstituzioan jasota dago horretarako gutxienez urtebete pasatu behar dela azkenekoz egin zen alditik. Beste aukera bat da botere exekutiboan kohabitazio bat egotea: hau da, presidentea eta lehen ministroa ez izatea alderdi berekoak. V. Errepublikan hiru aldiz gertatu da hori: 1986-1988, 1993-1995 eta 1997-2002 aldietan. Macronek esana du bere asmoa dela bere agintaldia bukatu arte, 2027ra arte, jarraitzea karguan. Bardellak, ordea, oraingoz lehen ministro izateko aukera gehien dituenak, ez du kargu hori nahi, ez bada gehiengo osoarekin. Ardurei dagokienez, presidenteari dagozkio, besteak beste, defentsa eta atzerri politika; eta parlamentuak dauka, berriz, aurrekontuaren kontrola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.