Pezexkian eta Jalili igaro dira bigarren itzulira Irango bozetan

Botoen %42 bildu ditu erreformistak, eta %38 'statu quo'-aren presidentegaiak. Uztailaren 5ean egingo dute bigarren itzulia. Parte hartzea txikia izan da: %40koa.

Pezexkian, atzo, bozkatu eta gero. EFE
Pezexkian, atzo, bozkatu eta gero. EFE
Igor Susaeta.
2024ko ekainaren 29a
17:00
Entzun

Masud Pezexkian erreformista eta Said Jalili ultrakontserbadorea lehiatuko dira Irango presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, datorren ostiralean. Lehenak botoen %42 bildu zituen atzo, eta bigarrenak, %38. Hautagai bakar bat ere ez denez gai izan botoen %50 edo gehiago lortzeko, irandarrak berriro bozkatzera deituko dituzte. Parte hartzea, hori bai, 1979ko Iraultza Islamikoaz geroztiko txikiena izan da: %40koa —2021ean, %48koa izan zen—.

Ali Khamenei herrialdeko lider gorenak esana zuen beharrezkoa zela bozkatzea, modu horretan iraultza islamikoari «ohore» egiteko eta hari jarraipena emateko. Baina boikoterako deia egina zuten hango unibertsitateetako zenbait elkartek, ikasle talde batzuek eta askotariko aktibistek, eta nabarmendu, ohar bateratu batean jasoz, hauteskundeak zirela «erregimenaren funtzionarioen arteko izendatze bat», eta hautagaiek «diktaduraren politikak» mantendu asmo zituztela.

Irango egoera ekonomikoa txarra da —inflazioa %40ean dago—, eta errepublika islamiarraren agintarien errepresioa areagotu egin da azkeneko urteetan. Horiek horrela, hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki du herritarren portzentaje handi batek, protesta gisa. Parlamenturako bozetan ere, aurreko maiatzean, txikia izan zen parte hartzea: %41ekoa.

Ikusteko dago aldagai horrek zein presidentegairi egingo dion mesede bigarren itzulian. Mohammad Bagher Ghalibaf (%14) eta Mostafa Pour-Mohammadi (%1) ere lehiatu dira lehen itzulian; gaur Tasnim berri agentziak jaso duenez, hauteskunde batzordeak emaitzen berri eman eta gero, aurrenekoak adierazi du Jaliliri botoa eman diezaietela eskatuko diela bere jarraitzaileei, modu horretan «iraultzaren frontea» nagusitu dadin.

2

Iranen zenbat aldiz izan den bigarren itzulia. 1979ko Iraultza Islamikoaz geroztik egindako presidentetzarako bozetan, soilik bi aldiz joan behar izan dute bigarren itzulira: aurten eta 2005an. Orduan, Mahmoud Ahmadinejad eta Hashemi Rafsandjani igaro ziren, eta aurrenekoa nagusitu zen, botoen %64 bilduta.

Datorren urtean ziren egitekoak bozak, baina aurreratu egin behar izan zituzten, herrialdeko presidente Ebrahim Raisi hegazkin istripu batean hil zelako, joan den maiatzaren 19an. Guztira, 80 pertsona aurkeztu ziren bozetara, baina Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak —Khamenei aiatolaren kontrolpeko organo bat da— horietako lauren hautagaitzak bakarrik onartu zituen.

Itun nuklearra

Esan daiteke Pezexkian parlamentariak ezustekoa eman duela, espektatiba handirik ez baitzuen kanpainaren hasieran. Inkesta gehienen arabera, beste bi hautagai izango zituen aurretik. Ez da halakorik gertatu, ordea. Herrialdearen nolabaiteko irekiera bat du asmo, baita Mendebaldearekin harremanak hobetzea ere. Mohamed Khatami (1997-2005) eta Hassan Rohani (2013-2021) herrialdeko presidente ohien babesa lortu du, eta, hain zuzen, Khatamiren bi agintaldiak goratu ditu kanpainan —Osasun ministroa izan zen bigarrengoan, 2001etik 2005era—. Hura izan zen errepublika islamiarreko lehen presidente erreformista.

Pezexkianek kritikatu egin du, besteak beste, Irango emakumeek buruan belo bat eraman behar izatea, eta aurreratu du auzi horretan «jarrera leunagoa» izango duela. Khameneirentzat, aldiz, «obligazio erlijioso bat» da beloa eramatea, eta, kanpainaren hasieran, Pezexkianek zin egin zuen leial izango zaiola lider gorenari.

2015eko itun nuklearraren gainean negoziatzeko promesa ere egin du. Hain zuzen, 2000ko hamarkadaren amaieran eta 2010ekoaren hasieran akordioa negoziatzeko asmoz, Iranen ordezkaria izan zen Jalili, statu quo-aren hautagaia, Raisi zenaren gertuko presidentegaia. Eta uste du herrialdeak ez duela zertan orduko testuaren gainean negoziatu. Erresuma Batuak, Frantzia, Txinak, Errusiak, Alemaniak, AEBek, EB Europako Batasunak eta Iranek berak sinatu zuten duela bederatzi urte. Finkatu egin zuten, finean, Irani zigor ekonomikoak kentzea, baldin eta bere programa nuklearra arintzeko neurriak hartzen bazituen. Baina AEBak akordiotik atera ziren 2018an, eta berriro hasi ziren zigor ekonomikoak ezartzen.

Hezbollahri eraso egitearen ondorioEz ohartarazi du Iranek israel

Israelek «eraso militar handi bat» egiten badu Libanon Hezbollah milizia xiitaren kontra, «gerra txikitzaile bat» hasiko da. Hori idatzi du Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkaritzak, X sare sozialean. «Aukera guztiak egongo lirateke mahai gainean; baita [gerran] erabateko parte hartzea ere». Israel prest dago, Benjamin Netanyahu lehen ministroak duela hiru aste adierazi bezala, Hezbollahren kontra «ekintza bortitz bat» egiteko. Iranentzat, baina, «propaganda mezuak» dira Netanyahurenak. 

Azken hilabeteetan areagotu egin dira Israelek eta Hezbollahk elkarri egindako erasoak, eta, gainera, Tel Aviven eta Iranen arteko harreman txarra gehiago gaiztotu da. Are, Iranek droneekin, misil balistikoekin eta gurutzaldi misilekin eraso egin zion apirilean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.