Gazan su-etena ezartzeko urrats bat egin dute

Hamasek onartu egin du NBEko Segurtasun Kontseiluak babestutako menia proposamena. AEBek esan dute planari buruzko «adostasun handia» dagoela Israelgo agintarien artean.

NBEren Segurtasun Kontseiluko kideak, bart, AEBen proposamena bozkatzen. ESKINDER DEBEBE / ONU / EFE
NBEren Segurtasun Kontseiluko kideak, bart, AEBen proposamena bozkatzen. ESKINDER DEBEBE / ONU / EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta
2024ko ekainaren 11
15:50
Entzun

Hamas prest dago AEBek egindako menia proposamena onartzeko eta hark jasotako puntuen inguruko xehetasunez hitz egiteko. Miliziaren buru Sami Abu Zuhrik hori aurreratu dio Reuters agentziari, gaur. Nabarmendu du, ordea, orain Washingtoni dagokiola bermatzea Israelek ere hura betetzen duela. Halaxe esan du, hain zuzen, AEBen presioei men eginez NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak onartu ondoren Etxe Zuriko maizter Joe Bidenek sustatutako menia planteamendua. Erakundea osatzen duten hamabost estatuetatik hamalauk babestu dute bart testua, eta Errusia abstenitu egin da. Testuak dei egiten dio milizia islamistari egitasmoa onar dezan, Israelen babesa ziurtzat emanda.

Israelgo Gobernuak ez du argi hitz egin, ordea, Bidenek maitzaren 31n plazaratutako planaz. Izan ere, hasieran hura onartzeko prest zegoela zabaldu bazuen ere, Benjamin Netanyahu lehen ministroak erasoaldia gogortu du azken egunetan, eta, gainera, Bideni egotzi zion, lehengo astean, egitasmoa «osatugabea» zela. Baina Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak azpimarratu du «adostasun sendoa» dagoela Israelgo buruzagien artean planari buruz. Ekialde Hurbilean dago Blinken, joan den urriaren 7an Israelek Gazako setioa hasi zuenetik eskualdera egindako zortzigarren bidaia ofizialean —etzi arte da han egotekoa—. Besteak beste, Netanyahurekin batzartu zen atzo, eta, AEBen diplomaziaburuak Tel Aviven gaur kazetariei adierazi dienez, Israelgo lehen ministroa ere prest dago planteamendua babesteko. Bide batez, Hamasen erreakzioa «keinu itxaropentsua» dela gaineratu du Blinkenek.

NBEren Segurtasun Kontseikuak babestutako egitasmoan, sei asteko behin-behineko su etena aurreikusi dute, menia iraunkor bat adostea helburu izango lukeena. Tarte horretan, Hamasek aske utziko lituzke bahituak dituen adineko, emakume eta gaixoak, Israelen dauden «hainbat» presoren truke. Bigarren urratsean, bahitu guztiak askatu beharko lituzke miliziak, baina horren inguruko xehetasunak bi aldeek negoziatu beharko lituzkete AEBen, Qatarren eta Egiptoren bitartekaritzarekin. Hirugarren fasea zera litzateke, Gaza berreraikitzeko akordio bat adostea. Sei asteko epea amaituta bi aldeek akordiorik lortu ezean, menia luzatzeko aukera aurreikusi dute testuan, baina ez dute zehaztu negoziazioak amaitzeko epemugarik.

Nazioartearen konpromisoa ere galdegin dute ebazpenean; izan ere, aurreratu dute AEBen, Qatarren eta Egiptoren lana litzatekeela «bermatzea» egitasmoan jasotako «urrats guztiak» betetzen direla bigarren fasera igaro aurretik. Qatarren eta Egiptoren bitartekariek Reutersi nabarmendu diote, halere, ezein aldek —ez Hamasek, ezta Israelek ere— ez duela formalki adierazi NBEren menia onartzen duenik.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentetzarako eledun Nabil Abu Rudeinehren esanetan, gobernuak «Palestinaren lurralde osotasuna» errespetatuko duen «edozein» su eten akordio onartuko luke. PANeko presidente Mahmud Abbasek, berriz, NBEk Gazarekin duen erantzukizuna azpimarratu du Jordanian egindako ekitaldi batean: «Segurtasun Kontseiluaren eta nazioartearen erantzukizuna handia da: Israeli presioa egiten jarraitu behar dute, Gazako mugako pasabide guztiak ireki eta gobernu berriaren esku utzi ditzan».

Lehen aldia da NBEren Segurtasun Kontseiluak menia proposamen bat babesten duena. Izan ere, orain arte behin-behineko su etenak bultzatu dituzte, eskualdera giza laguntza sartu ahal izateko, batez ere. AEBek maiatz amaieran aurkeztu zuten egitasmo hori, baina Ekialde Hurbileko gatazkak bitan banatu dute erakundea: Errusia eta Txinak Palestinaren alde egin dute nabarmen, eta Washingtonen aliatuek Israel defendatu. PAN proposamena onartzeko prest egoteak, ordea, erraztu egin du akordioa.

Tentsioa Libanoko mugan

Blinkenek gaur adierazitakoa gorabehera, azken asteetan Netanyahuk berak zalantzan jarri du planaren bideragarritasuna. Israelgo lehen ministroak salatu du AEBek planaren «parte jakin batzuk» bakarrik ezagutarazi dituela, eta ohartarazi du ez dutela onartuko «Hamasen indar militarra eta gobernatzeko ahalmena suntsitzea» aurreikusten ez duen itunik. Maiatzetik hona, Etxe Zuriak aldaketak egin dizkio testuari, hura Israelentzat erakargarriago egite aldera. Besteak beste, proposamenean zehaztu dute NBEk ez duela onartuko Palestinaren muga fisikoak eta geografikoak aldatzea, baina ez dute baztertu Gazaren eta Israelek okupatzen dituen lurren artean «segurtasun eremu bat» ezartzea.

Testuak jasotzen ez duen arren, AEBek proposamenean iradoki dute Hamas dagoeneko ez dela «mehatxu iturri» Israelentzat, eta «diplomazia» dela modurik egokiena, eta ez indarkeria, miliziak bahituak askatuko dituela bermatzeko. Ordea, Netanyahuk bezala, Hamasek ere bermeak nahi ditu, eta, gaur-gaurkoz, Bidenek jakinarazitako testuak ez du halakorik jasotzen.

Bestalde, Israelek baieztatu du gaur goizaldean eraso egin diela Hezbollahk Libano ekialdean dituen instalazio batzuei. Horri erantzunez, milizia xiitak «dozenaka» suziri jaurti ditu Israel iparraldera, ohar batean adierazi duenez. Tel Aviven komunikatu baten arabera, 50 jaurti ditu Hezbollahk, eta denak erorarazi dituzte, zauriturik eragin gabe. Azken egunetan areagotu egin dira Tel Avivek eta Hezbollahk Israel eta Libano arteko mugan elkarri egindako erasoak, eta, lehengo astean, Netanyahuk esan zuen prest daudela milizia xiitaren kontra «ekintza bortitz bat» egiteko.

Beste lau palestinar hil dituzte Zisjordanian

Israelgo indarrek beste lau palestinar hil dituzte gaur goizaldean Ramallah ekialdean, Zisjordania okupatuan, sarekada batean. Palestinako osasun iturrien arabera, sarekada horretan zortzi pertsona zauritu dituzte. NBE Nazio Batuen Erakundeak egindako zenbaketa aintzat hartuta, Israelek urriaren 7an Gazako setioa hasi zuenetik 534 pertsona hil dituzte lurralde okupatuetan. Izan ere, Zisjordanian jada ohikoak zituen operazio militarrak areagotu ditu Israelek azkeneko zortzi hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.