Mundu osoan hartu dituzte kaleak soldata duinen eta lan eskubideen alde

Prezioen igoerak eta prekarizazioak ardaztu dituzte herrialde askotako langileen protestak. Israel Palestinaren aurka egiten ari den erasoen gaitzespenak toki nabarmena izan du hainbat mobilizaziotan.

Maiatzaren Leheneko protesta bat, gaur, Istanbulen.
Maiatzaren Leheneko protesta bat, gaur, Istanbulen. TOLGA BOZOGLU / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 1a
19:04
Entzun

Mundu osoko langileak mobilizatu dira gaur, Maiatzaren Lehenean, prezioen igoerari aurre egiteko neurri eske eta lan eskubideak indartzearen alde. Hainbat hiriburutako manifestazioetan asko izan dira baita ere Palestinarekiko elkartasun keinuak eta Israel haren aurka egiten ari den erasoak gaitzesteko mezuak.

Alemanian, esaterako, eztabaidaren erdigunea hartu dute herritarrek ordu gehiago lan egiteko eta erretiroa atzeratzeko azken ordutan egin diren proposamenek. Norabide horretan aldaketak galdegin dituzte BDA Enpresari Elkarteen Konfederazioak eta Christian Sewing Deutsche Bankeko buruak, besteak beste, eta gisa bereko erreformak proposatu dituzte alderdi liberalak eta CDU kontserbadoreak. Olaf Scholz herrialdeko presidente sozialdemokratak baztertu egin du halako neurriak hartzea, eta sindikatuek salatu dute ongizate estatua eta grebarako eskubidea auzitan jarri nahi dituela elite ekonomikoak.

Frantzian, lan baldintza hobeak exijitzeko, milaka manifestarik hartu dituzte Parisko kaleak. Protestetan, erreferentzia egin diete uztailaren 26an hastekoak diren Olinpiar Jokoei. Sindikatuek gobernuari ohartarazi diote greba orokor bat antolatuko dutela Jokoetan, udan lan egitera behartuta egongo diren herritarrak behar bezala konpentsatzen ez baditu.

Espainian, lanaldiaren murrizketa hartu dute lelotzat CCOO eta UGT sindikatuek. Ordu gutxiago lan egitea proposatu dute enplegu osoa lortzeko, eta hori soldatak hobetuta egitea eskatu dute.

Langileen Nazioarteko Eguna lan eguna izan da aurten Grezian, eta lanuztearen bidez mobilizatu dira langileak han. Sindikatuek negoziazio kolektiboak hasteko eskatu diete enpresariei, 2010 eta 2018 bitartean, finantza krisiaren urterik latzenetan, galdutako lan eskubideak berreskuratzeko.

Debekuen gainetik

Turkian, berrehun manifestari baino gehiago atxilotu dituzte Istanbulgo Taksim plazan izan diren manifestazioetan. Recep Tayyip Erdoganen gobernuak protestak debekatu ditu langile mugimenduarentzat sinbolikoa den eremu horretan. 1977ko maiatzaren 1ean, identifikatu gabeko talde bat tiroka hasi zen Taksimen; ihesaldi bat eragin zuen, eta 34 lagun hil ziren. Gaur liskarrak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean, ehunka herritar plazara sartzeko debekua urratzen saiatu ostean.

Langile protestak ahultzeko neurriak hartzea egotzi diote milaka manifestarik Hego Koreako Gobernuari, legez kanpoko grebak jazartzeko iragarri duen asmoagatik, eta enpresek grebetan eragindako kalteengatik jaso dezaketen ordaina mugatzea helburu zuen egitasmoari betoa ezartzeagatik.

Argentinan, mobilizazio jendetsuak izan dira Javier Milei presidentearen murrizketa politikak salatzeko. CGT sindikatuaren esanetan, Ā«eskubide sozial guztiakĀ» jarri ditu arriskuan eskuin muturreko gobernuburuak. Maiatzaren 9rako greba orokorrera deitu dute. Bigarrena izango da Mileik agintea hartu zuenetik, iazko abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.