Mohamed Ghazouanik irabazi ditu Mauritaniako presidentetzarako hauteskundeak

Botoen %56 lortu ditu egungo presidenteak, eta bigarren Abeid Dah aktibista izan da, %22 eskuratuta. Parte hartzea %55,4koa izan da, 2019an baino %7 txikiagoa.

Mauritaniako herritar batzuk, Nuakxot hiriburuko hautesleku batean bozkatzen, atzo. EFE
Mauritaniako herritar batzuk, Nuakxot hiriburuko hautesleku batean bozkatzen, atzo. EFE
2024ko uztailaren 1a
15:06
Entzun

Mohamend Ould Ghazouani nagusitu zen atzo Mauritaniako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, botoen %56 bilduz. Beraz, botoen %50 baino gehiago dituenez, ez da bigarren itzulirik egongo, eta egungo presidenteak karguan jarraituko du. Bigarren Biram Dah Abeid antiesklabista izan zen, botoen %22 lortuta, eta hirugarren, Tawassoul alderdi islamistako Hamadi Ould Sid'el Moctar, %13 eskuratuta, bertako hauteskunde batzordeak argitaratutako datuen arabera. Parte hartzea %55,4koa izan zen —2019an, %62,6koa—.

Abolizionismoa Berpizteko Ekinbidea (IRA) mugimendu antiesklabistako burua da Abeid Dah, eta herrialdeko hauteskunde batzordea gogor kritikatu zuen atzo, emaitzak jakinarazi ondoren. Protestak antolatuko zituela ohartarazi zuen. Ondorioz, Poliziak bere hauteskunde kanpainan erabilitako egoitzetako bat inguratu zuen, Nuakxot hiriburuan. 

2019an presidente izendatu aurretik, Ghazouanik hainbat kargu bete zituen herrialdeko administrazioetan: Inteligentzia Militarreko zuzendaria, Segurtasuneko zuzendari nagusia, armadako Estatu Nagusiko burua eta Defentsako ministroa, besteak beste. Abeid, berriz, hainbatetan espetxeratu dute esklabotzaren aurkako bere borrokarengatik, eta 2013an Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen saria eskuratu zuen.

Azken urteetan jihadismoaren aurkako borrokaren hazkundea nahiz estatu kolpeak nabarmendu dira Saheleko eremuan —Afrika iparraldea mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen lurraldea da—, baina Mauritanian egonkortasuna nagusi da gaur egun. Hala ere, 2019ko hauteskundeetan ere oposizioko hainbat hautagaik emaitzak zalantzan jarri ondoren protestak piztu ziren kaleetan, eta, esaterako, oposizioko hainbat kide atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.