Liskarrak areagotu egin dira Palestinaren aldeko AEBetako ikasle protestetan

Berrehun lagun inguruk eraso egin diote Palestinaren aldeko Los Angelesko Unibertsitateko kanpalekuari. New Yorken, hirurehun ikasle atxilotu dituzte.

New Yorkeko Columbia unibertsitateko protestetan (AEB) atxilotutako bi gazte, gaur goizean. STEPHANI SPINDEL / EPA / EFE
New Yorkeko Columbia Unibertsitateko protestetan (AEB) atxilotutako bi gazte, gaur goizean. STEPHANI SPINDEL / EPA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 1a
18:30
Entzun

Israel Gazan egiten ari den setioa arbuiatu izan da nazioartean; gizarte zibilak, gutxienez. Horren adibide dira Euskal Herrian Gernika-Palestinak egin dituen ekitaldiak, besteak beste. Hala ere, azken egunetan harrabotsik handiena eragin dutenak AEB Amerikako Estatu Batuetako unibertsitateetan hedatu diren Palestinaren aldeko kanpalekuak dira. Euskal Herriko eguerdi partean—AEBetako goizaldea— liskarrak eta indarkeria izan dira protesta horietan. UCLA Los Angelesko Unibertsitatean (Kalifornia, AEB), Israelen aldeko berrehun lagun inguruk eraso egin diete kanpalekuan zeudenei, makilak eta suziriak erabiliz.

Ez da lehen aldia Israelen aldeko eta Palestinaren aldeko manifestariek liskarrak dituztena. Azken egunetan haien arteko ika-mikak sare sozialetan hedatu dira, baina, gaur arte, irainak baino ez dira izan gehienetan. Gaur, baina, Israelen aldekoak kanpalekura sartu dira, hura txikitzeko asmoz, eta bi aldeen arteko liskarrak areagotu dira. Los Angelesko Poliziak campusera joan behar izan du, egoera baretzeko. Izan ere, UCLAko errektore Mary Osakok gertatutakoa «indarkeria ekintza izugarria» gisa definitu du: «Nazkatuta gaude zentzugabeko indarkeria horretaz. Lehenbailehen amaitu behar da».

Erasoa arbuiatu duen arren, Osakok azpimarratu du orain dela aste batzuk ezarritako kanpaleku horiek «legez kontrakoak» direla, eta jakinarazi du zigortu egingo dituztela erasoaren ostean bertan geratzen diren ikasleak. Gainera, eskolak bertan behera utziko dituzte behin-behinean.

UCLAko ikasleak ez dira AEBetan Palestinaren alde mobilizatu diren bakarrak. Beste hainbat estatutan antzeko kanpalekuak antolatu dituzte; aurrenetarikoak New Yorkeko Columbia Unibertsitatean, apirilaren 17an. Are gehiago, herrialdeko zenbait hedabideren arabera, 2020an polizia batek George Floyd hil zuenetik unibertsitateetan egon den mobilizaziorik handiena da Palestinaren alde azken egunetan antolatutakoa. Columbia Unibertsitatean, ikasleek campuseko zenbait eraikin okupatu zituzten bart. Unibertsitateak eskatuta, ehunka polizia joan dira hara, eta gaur goizean eraikinetik bota dituzte ikasleak. Gainera, Columbia Unibertsitatean ere ikasleek gidatutako manifestazio bat desegin dute.

New Yorkeko Poliziak gaur jakinarazi duenez, hirurehun ikasle atxilotu dituzte New Yorken protestak hasi zirenetik; «dozenaka» gaur gauean. AP albiste agentziaren datuen arabera, unibertsitateetan Palestinaren aldeko protestak hasi zirenetik mila lagun inguru atxilotu ditu Poliziak.

«Konplize», Iranen ustez

AEBetako unibertsitateetako protestak Iraneraino heldu dira. Ali Khamenei Irango lider gorenak gaur adierazi du protestek «argi» adierazten dutela AEBetako gizartea «jakitun dela bere gobernua Israelek egindako krimenen konplizea dela». Khameneik ikasleen jarrera «bakezalea» txalotu du. Aurreko astean, Irango presidente Ebrahim Raisik kritikatu zituen unibertsitateko protesten aurkako AEBen neurriak.

AEB-ek Palestinari jarritako betoa justifikatu dute

Apirilaren 18an, AEB Amerikako Estatu Batuek Palestina NBE Nazio Batuetako kide izatearen aurka bozkatu zuten. Gaur, AEBetako ordezkari Robert A. Woodek betoa erabili izana justifikatu du, argudiatuta PAN Palestinako Aginte Nazionalak «ezinbesteko erreformak behar dituela». Hala ere, adierazi du betoa ez dela «Palestinako Estatuaren eraketaren aurkakoa». Are gehiago, Wooden ustez, bakea lortzeko «bide bakarra bi estatuen irtenbidea» da, «Palestina Nazio Batuen Erakundeko kide bihurtzeko modua egingo duen akordio baten bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.