Israelgo armadak errefuxiatuentzako kanpaleku bati eraso egin dio, eta berrogei lagun hil

Khan Yunisko eremu humanitario batean dago bonbardatu duten kanpalekua. Tel Avivek Hamasi leporatu dio erasoaren erantzukizuna, argudiatuta erakunde islamistako hainbat kidek kanpamentu horretan babes hartzen dutela.

Al-Mawasiko errefuxiatuentzako kanpalekua, Israelen erasoaren ondoren, gaur. HAITHAM IMAD / EFE
Al-Mawasiko errefuxiatuentzako kanpalekua, Israelen erasoaren ondoren, gaur. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2024ko irailaren 10a
11:05
Entzun

Gaza hegoaldeko Al-Mawasi errefuxiatuentzako kanpalekuari eraso dio gaur goizaldean Israelgo armadak. Hamasen gertuko Xehab berri agentziak jakinarazi duenez, gutxienez berrogei lagun hil eta hirurogei baino gehiago zauritu dituzte. Gazako Babes Zibilerako agintaritzaren bozeramaile Mahmud Basalek esan du gutxienez lau misil jaurti dituztela Khan Yunisko eremu humanitario horretara, eta «masakretzat» jo du bonbardaketa.

Goizean kaleratutako komunikatu baten bidez, erasoa justifikatu du Israelgo armadak, argudiatuta Hamasek «kontrol zentro gisa» erabiltzen zuela kanpaleku hori, eta hor babes hartzen zutela erakunde islamistako zenbait kidek. Prentsa oharra zabaldu eta zertxobait geroago, Israelgo armadak beste mezu bat zabaldu du X sare sozialean, eta errepikatu erasoa «zehatza eta Hamaseko terroristen aurkakoa» izan dela. Are, Hamasi leporatu dio bonbardaketaren erantzukizuna, eta salatu du Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako hildakoen kopuruak ez datorrela bat Israelgo armadaren zenbaketarekin.

Hamasek, berriz, gezurretan aritzea egotzi dio Israeli, eta ukatu egin du Al-Mawasiko errefuxiatuentzako kanpalekuarekin zerikusia duela. «Indar okupatzaile sionistaren armadak egindako akusazioak erabat faltsuak dira: gezur horiekin, bere krimen bortitzak justifikatu nahi ditu», salatu du goizean zabaldutako prentsa oharrean.

Eremu humanitario horren aurkako erasoaren ondoren, beste bonbardaketa bat izan da Gaza hiriko Al-Xawa plazan. Palestinako Wafa berri agentziak jakinarazi du gutxienez bost lagun hil direla Israelek drone batekin egindako bonbardaketan, janari postu batean zeudela.

«Indar okupatzaile sionistaren armadak egindako akusazioak erabat faltsuak dira: gezur horiekin, bere krimen bortitzak justifikatu nahi ditu»

HAMAS

Nolanahi ere, gaurkoa ez da Israelgo tropek Gazako eremu humanitario bati eraso egiten dioten lehen aldia. Uztailean, adibidez, azken hilabeteetako erasorik bortitzenetako bat egin zuten Al-Mawasi alboko kostaldeko herrixken aurka, eta gutxienez 90 palestinar hil. Erasoaren ondoren esan zuten Hamaseko adar armatuko buru Mohammed Deif hiltzea zutela helburu.

Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek uste du, edonola ere, gisa horretako erasoei esker betetzen ari direla Israelgo armadak ezarritako «helburu militar eta estrategikoak». Hala adierazi du gaur, prentsaurreko batean. Are, esan du eraso horiei esker Hamasen adar armatua jada ez dela Gazako «erakunde militar bat», baizik eta «gerrilla bat». Bestalde, Israelgo armadak aitortu du «litekeena» dela bere soldaduek hil izana, joan den ostiralean, Aysenur Ezgi Eygi ekintzaile turkiar-estatubatuarra. Hori bai, zehaztu du «inondik inora ere» ez zela «ekintzailearen aurkako zuzeneko eraso bat» izan, eta «nahigabe» egin ziotela tiro. Kolono juduen indarkeriaren aurkako protesta batean parte hartzen ari zen Eygi, Nablusen (Zisjordania), tiroz hil zutenean.

Israelek urriaren 7an Gazako zerrendaren aurkako erasoaldia abian jarri zuenetik, ehunka mila gazatarrek alde egin behar izan dute etxetik. NBE Nazio Batuen Erakundeak asteon emandako datuen arabera, Gazako herritarren %90, hau da, bi milioi pertsona baino gehiago lekualdatu dira azken 11 hilabeteotan. Horietatik gehienak Gaza erdialdeko eta hegoaldeko errefuxiatuentzako kanpalekuetan daude.

Polioaren aurkako txertaketa, kolokan

Gaur da hastekoa polioaren aurkako txertaketa kanpainaren hirugarren fasea Gaza iparraldean, eta ostiralean da bukatzekoa. Halere, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik gaur goizean ohartarazi du ezin duela baieztatu hirugarren faseari gaur ekin ahal izango dioten. Haren arabera, Israelgo armadak zortzi orduz atxilo izan du bart NBEren konboi bat, txertaketa kanpainaren hornigaiak Gaza hirira eta iparraldera eraman asmo zituena. Are, salatu du Israelgo soldaduek mehatxu egin dietela NBEko langile humanitarioei.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera, 446.000 haurrek hartu dute polioaren aurkako txertoa lehenengo bi faseetan. Hirugarren fasea bukatu ondoren, beste txertaketa kanpaina bat abiatuko dute hilaren bukaeran, bigarren dosia jartzeko.

NBE-ko baTZAR Nagusiak israelen okupazioari buruz bozkatu asmo du

Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusia PAN Palestinako Aginte Nazionalak erredaktatutako ebazpen bat bozkatzekoa da hurrengo astean, Reuters berri agentziak gaur jakinarazi duenez testu hori lantzen aritu diren iturriak aipatuz. Ebazpen horren bidez, PANek eskatu asmo dio organismo horri har ditzala neurriak Israelek Palestinako lurraldeetan abiatutako «legez kanpoko okupazioa» amaitzeko. Nazioarteko Justizia Auzitegiak uztailean emandako ebazpenaren harira prestatu du PANek testua; auzitegi horrek ebatzi zuen Israelen okupazioa legez kanpokoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.